«Antonio Alvarez jauna: etxean al zara? Jaitsi zaitez atarira. Segituan ekarriko zaitugu bueltan». Bi karabinerok eraman zuten etxetik Isabel Alvarezen aita, 1936ko goiz hartan, eta Ciudad Rodrigoko kartzelan sartu. Orduz gero, aitaren arrastoaren bila dabil Isabel, eta ez du inongo berririk. Badu, ordea, susmoa, fusilatu ote zuten, antzeko beste hainbat kasu ezagunak baitira Salamancan. Dioenez, politikarien egitekoa da era honetako kasuak argitzea. Isabel 1956an etorri zen Hernanira, eta orduz gero hemen bizi da. Baditu 84 urte, eta Kronikak eskatuta, frankismoko urteak kontatu ditu. Memoria finekoa izaki, ondo baina tristuraz gogoratzen ditu gaztetako kontuak, Casillas de Flores herrian.
Antonio Alvarez, eta beste 600 kasu
Ciudad Rodrigoko kartzelan sartu zuten Antonio Alvarez Martin jornaleroa, Franco altxa, eta 12 egunera. Ciudad Rodrigoko kartzelatik, ofizialki, urriaren 8an atera zuten. Isabelek dioenez, egun hartan libre utzi izan balute, etxera itzuliko zen. Kotxe de linea hartuko zuen etxera itzultzeko. Kontua da jakitea, zer gertatu zitzaion hortik aurrera. Isabelek dioenez, oso koordinatua zegoen dena, eta leku jakinean utzi zuten bere aita, beste batzuk joan, hartu, eta betirako desagertuarazteko. «Alkondara urdinekoek egin zuten lan zikin hori; horrela deitzen diet nik. Herritarrak ziren, falangistak. Beraiek eramaten zuten jendea. Horrela, arduradunek eskuak garbi dituzte».
Salamancan 600 pertsona hil zituzten modu extra-judizialean, Salamancako Memoria y Justicia elkarteak salatu duenez. Inon ez da ageri pertsona horiek fusilatu zituztenik; soilik, noiz sartu zituzten kartzelara, eta noiz atera handik.
Espainiako Estatuan, 30.000 pertsona desagertu ziren frankismo garaian. Batez ere, 1936tik 1950era desagertu ziren gehienak.
«Falangekoa zen
ia herri guztia»
Bere ama hil zenetik, Isabel ia inoiz ez omen da joan Casillas de Flores herrira. Memoria onegia duela dio Isabelek, bere esanetan, oroitzapen txar haiek nahiago dituelako ahaztu. Casillas de Flores herrian jende gehiago ere hil zuten urte haietan. Herriko apaiza, lehengusu baten senarra... asko hil zituzten garai hartan, eta ondorengoak ere urte gogorrak izan ziren. «Herri guztia falangekoa zen. Gu, berriz, galtzaileak ginen, eta hala tratatzen gintuzten. Alkondara urdinekoak herriko oihal dendara sartu, eta nahi zuten guztia eramaten zuten. Gogoan dut, lehengusu bati ilea zerora nola moztu zioten. Apaiza ere hil egin zuten. Ikusi zutenek diotenez, hil aurretik esaten zioten:
Errezatu, dakizun guztia!».
Isabelen anaia hilda azaldu zen 1949an. «Gure anaia morroi zegoen, herriko jauntxo baten etxean, eta han azaldu zen hilda. Nagusiak esan zuenez, bere buruaz beste egin zuen. Orduan ez nuen sinestu, eta inoiz ez dut sinestuko».
Politikoei mezua
Salamancan lanean ari dira memoria berreskuratzeko taldeak, eta itxura denez, aurkitu dituzte desagertutako gorputz bat baino gehiago. Isabelen aitarenik ez da azaldu, eta esperantza gutxi baldin badu ere, oraindik aita azaldu litekeela dio «ardura daukatenek gehiago egingo balute. Horregatik galdetu nahi diot nik Rajoy jaunari: non dago nire aita?».
-----------------------------
Antonio Alvarez jornaleroa zen, eta Casillas de Flores herriko alderdi sozialistako kidea. 1936ko uztailaren 30ean atxilotu eta Ciudad Rodrigoko kartzelan sartu zuten, 36 urte zituela. Kartzelako paperek diotenez, 1936ko urriaren 8an libre utzi zuten. Geroztik ez dago haren arrastorik.