Opariak egin eta egin aritu da olentzero azken urtean, eta Onddi mendia atzean utzita, gaur arratsaldean iritsiko da Hernanira. Lehendabizi, Ttarla dantza taldeko umeekin elkartuko da, 17:45ak aldera, Leokan. Eta ondoren, Plazara abiatuko da. Bertan izango ditu herriko txikienak zain, opari zerrenda eskuartean dutela. Banaka gerturatu, eta gutuna emateko aukera izango dute.
Gau neketsua aurretik
Ondoren, goiz etxeratzea komeni da. Gauerdia baino lehenago oheratu behar da opariak jaso nahi badira, eta zapata garbi-garbi uztea ere ez legoke gaizki, hala topatzea gustatzen baitzaio ikazkinari. Horrez gain, gaueko lan neketsua goxatzeko, ez ahaztu ardo pixka bat eta gozo batzuk zapata aldamenean uztea.
Gabon kantak, nonahi
Herriko talde, ikastetxe eta abesbatzak arduratuko dira gaur Gabon gau giroa herrian barrena zabaltzeaz. Goizean, ikastetxeetako umeak ibiliko dira, Olentzero bizkar gainean hartuta, Gabon kantak kantatzen. Arratsaldean, 17:00etan, Hernaniko Parrokiko abesbatzak emanaldia eskainiko du Agustindarren elizan. Parrokiak antolatzen du, eta gonbidapena luzatu diete Eguberriari kristau zentzua eman nahi dieten guztiei. 18:30etan, kale buelta egingo dute Kantuz abesbatzakoek. Eta azkenik 20:00etan, Gabon gaueko errondan aterako dira Musika Bandako kideak.