Janaria eta krisia ez datoz bat Euskal Herrian. Otorduak beti izan du pisu haundia euskal gizartean, eta Gabonetan ere, nabaria da hori. Hernaniko hiru arrandegirekin hitz egin du Kronikak, Gabonen inguruan egiten diren salmentei buruz galdetzeko, eta hiruak bat datoz baieztapen horrekin: «prezioa galdetzen dute, baina hori beti, krisi garaia izan, Gabonak izan... Hernaniko bezeroek behar dutena erosten dute. Gabonak badira, pentsatua zeukaten arrainarekin egiten dute menua, bestelakoak kontuan izan gabe».
Erosketa gehien,
gaur eta bihar
Arraina fresko jan beharrekoa izaten da, eta hori kontuan izaten dute Itxaspe, Amaia eta Mari Fe arrandegiko bezeroek. Prezioek azken egunetan gora egiten badute ere, gaurko eta biharko egunetan saltzen dute gehien: «arraina momentuan bertan egin beharrekoa bada, egunean bertan edo asko jota, aurreko egunean erosten dute» dio Itxaspe arrandegiko arduradunak.
Hala ere, badira aldez aurretik prestatu daitezkeen platerak, arrain zopa edo txipiroi kaxuelak esaterako. Kasu horietan, jendeak egun batzuk lehenago erosten duela azaldu du Mari Fe arrandegiko arduradunak: «kabrarroka, xapoa, txipiroiak... aldez aurretik prestatu baliteke, egun batzuk lehenago erosten dute behar
duten arraina».
Legatza eta Xapoa,
gehien saltzen dena
Urte osoan zehar bezala, Gabonetan ere arrain espezie guztiak saltzen dira; baina badira bi, bereziki nabarmentzen direnak: legatza eta xapoa; hala diote hiru arrandegietako arduradunek.
Mariskoa ere, gehiago edo gutxiago, etxe guztietan egoten den produktuetako bat da. Amaia arrandegiko arduradunak dio, denetatik saltzen dela: «batzuek ganba edo langostinoak nahi izaten dituzte; beste batzuek almejak, zigalak edo langosta... gustu edo presupuestoaren arabera aukeratzen dute».
Bixigua eta angulak,
enkarguz
Aipatutako produktu guztiez gain, badira bi, xoxa gehiago eskatzen dutenak: bixigua eta angulak. Duten prezioa kontuan izanda, enkarguz bakarrik ekartzen dituzte: «batek edo bestek eskatzen du», dio Itxaspeko arduradunak, baina «oso kasu puntualak izaten dira», azaldu du Mari Fek. «Hernanin nahiago ditugu gulak...» aitortu du barre artean arrandegiko bezero batek».
Prezioak gora, azken astean
Gabonen bueltan, arrainaren prezioa hizpide izaten da, eta horri buruz ere galdetu du Kronikak. Hiru arduradunek diotenez, bateaz ere Gabon gau aurreko azken hiru egunetan igotzen da gehien. Aurten gainera, joan den asteko itsaso txarrak eragin haundia izan du, eta igoeraren arrazoi nagusia hori da. Prezioak bere onera, erregeak pasa eta berehala bueltatzen dira: «arrantzaleek ere oporrak dituzte, eta erregeen bueltan, segituan bueltatzen dira itsasora, arrain gehiagoren bila».