Zazpi kontzertu, Eguberriak girotzeko

Kronika - Erredakzioa 2011ko abe. 18a, 01:00

kantuz Abesbatzak atzo eskainitako kontzertua Gabo­nen bueltan antolatu dituzten guztien hasiera besterik ez zen izan. Gaur hasi eta Eguberri egunera arte, beste zazpi kon­tzertu eskainiko dituzte Her­naniko abesbatza edo musika taldeek. Ia guztiak ostegun, ostiral eta larunbatean izango dira.

Txistua eta gitarra elkarrekin, 8 abestitan
Zortzi abestiko errepertorioa osatu du Txistulari Bandak Eguberritako kon­tzerturako: Gabon abesti bilduma, Egu­berriko kantak, Alborada navideña... Txistua izango da protagonista, baina gitarrak ere izango du lekua gaurko emanaldian. Kontzertua eguerdiko 13:00etan hasiko da, Mila­grosa kaperan.

Ekintzaz jositako astea
Kontzertu emana ostegunean hasiko da, hiru antolatu baitituzte egun horretarako. Aurrenekoa Musika Eskolako piano eta soka ikasleek eskainiko dute Biterin, 18:00etan. Ordubete geroago, Doinuzale musika eskolako ikasleen eta Ozenki abesbatzaren emanaldia izango da, Ereñotzuko elizan. Eta azkenik, urteko kon­tzertu nagusienetakoa izaten dena eskainiko dute herriko eta ikastoletako ­abes­­batzek. San Joan Bataiatzailea parrokian izango da, 20:00etan. Ostiralean kontzertu bakarra izango da, Ozenki abesba­tzak eta Hernaniko Musika Bandak Milagrosa kaperan emango dutena; 19:45etan hasita. Egun berean baita ere, 17:00etatik aurrera, Gabon kantak kalez kale kantatzen ibiliko dira Musika Eskolako ikasleak. Egun nagusia, zalantzarik gabe, larunbatean izango da. Parrokiko abesbatzak Gabon kantak abestuko ditu 17:00etan hasita, Agustin­da­rren elizan. Horrez gain, olentzeroarekin baserriz baserri kantuan ibiliko dira, Gudarien plazatik 15:00etan aterata. Eta kaleetan barrena ere ibiliko da ikazkina, Pla­zatik 18:00etan abiatuta. Kantuz abesbatzakoek kale buelta egingo dute, 18:30etan, Milagrosatik aterata. Eta Gabon Gaueko erronda ere ez da faltako; 20:00etan abiatuko dira, Plazatik. 

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!