PROBABILITATEARI kasu eginez gero, Hernaniko Bertso Eskolako kideren batek txapela janzteko aukera %50ekoa da. Baina beste gai askotan bezala, bertsolaritzan ere 1+1 ez da bi, eta aukera, hori baino zabalagoa izan daiteke. Adituek diotenei kasu eginez gero, Hernaniko ordezkariren bat ia ziur iritsiko da buruz burukora, eta irabaztea ere, ez du urruti izango.
Kontuak kontu, finalerako lan guztiak eginda, prest daude Iraulio Panttalone Bertso Eskolako lau ordezkariak egun haundirako. Kronika beraiekin bildu da, euren sentsazioa jaso eta pronostikoa emateko asmoarekin.
Jexux Mari Irazu: «Ez dut uste topea jo dudanik, ez nuke nahi»
Irazu gustora dago orain arte txapelketan egin duen lanarekin, eta dioenez, zentratuta ikusi du bere burua. Topea jo al duen galdetzerakoan, ezetz dio: «ez dut topea jo dudanik uste, ez nuke nahi behintzat». Pronostikoak egitea ez du atsegin, «kantatu eta kinielak egin, hori gehitxo da» dio, baina bere burua, azken txanpan, buruz burukoan, ikustea gustatuko litzaiokeela aitortu dio Kronikari: «saiatuko naiz ataka horretan sartzen, eta bi irauliotar badira, hobe».
Iluntzeko 20:45ak aldera jakingo da irabazlearen izena, eta guztia amaitutakoan, lan ederra egin izanaren sentsazioa izatea gustatuko litzaioke: «nahiko nuke eskaileratik jaitsi, eta neure buruari esan, Bejondeikela, gaur lan ederra egin dek!».
Unai Agirre: «Finalera goazen edonork dugu buruz burukora sartzeko aukera»
Gipuzkoako Txapelketako azken bi finaletara iritsi bada ere, Unai Agirrek ez du bere burua Gipuzkoako onenen artean kontsolidatua ikusten: «hori esatea gehiegi da». Egia da ordea, azken bi txapelketa hauek bereziak izan direla beretzat: «lasaiago egon naiz, eta suertea ere izan dut tarteko... Denak lagundu dit finalera iristen». Agirrek hiru faborito ditu buruz burukorako, hala ere, pasea edonork lortu dezakeela dio: «finalera goazen edonork du hor sartzeko aukera. Horra iristen garen guztiok pentsakizun horrekin joan behar dugu, bestela, ez luke zentzu haundirik izango».
Txapelketa bukatuta, pertsonalki, gauza txukun bat egin izanaren sentsazioa izatea gustatuko litzaioke Agirreri; eta orokorrean, plaza horrek merezi duen saioa eginda bukatzea.
Agin Rezola: «Dudan guztia ematera aterako naiz, okasioak merezi adinako saioa egitera»
Agin Rezola izan da Txapelketa honetako errebelazioetako bat. Inork gutxik espero zuen finalean, baina saioz saio, Illunbeko taulagainera iritsi da. Finalerdietara pasatzea zuen helburu, eta hori eskuratuta, gainontzekoa presiorik gabe etorri dela adierazi du: «Txapelketa, puntu eta sailkapenei dagokionean, aspaldi egin nituen. Nire finala Oñatiko saioa (final laurdenak) izan zen, eta hortik aurrerako guztia presiorik gabe etorri da». Bertsotan ordea, ez omen ditu egin beharreko guztiak egin: «10.000 pertsonen aurrean daukadan guztia ematera irtengo naiz, okasioak merezi adinako saioa egitera. Lortuko dudan edo ez, beste gauza bat da».
Buruz burukorako pasean edozer gertatu litekeela azaldu du: «batzuk aukera gehiago dituzte, baina ez dago maila diferentzia, 4 horietatik gainontzeko 4etara. Guretzat, politena, bertso eskolako bi igotzea litzateke».
Txapelketa saioren batean goia jo izanaren sentsazioarekin bukatzea gustatuko litzaioke. Eta alderantziz, ez litzioke finalean oharkabean pasatzea gustatuko: «detaile batzuk utzi nahi nituzke».
Beñat Gaztelumendi: «Sinetsi nahi dut aurtengo txapelketa bideko beste mugarri bat
besterik ez dela»
Txapelketa ona egin beharraren ardura nabaritu du Beñat Gaztelumendik, aurreko txapelketan 2garren postua eskuratuta: «nire bertsokera definitzen joan naiz, eta orain koherentziaz kantatu behar dut, hori aldatu gabe. Ez noa postu baten bila, nire burua aurkitu nahi dut oholtzan, eta aldi berean, hobetzen jarraitu. 24 urte dauzkat eta sinetsi nahi dut aurtengo txapelketa bideko beste mugarri bat besterik ez dela; gozatzea gustatuko litzaidake».
Buruz burukoa jokatzeko 8ak pasa daitezkeela dio: «zortziok daukagu ibilbide bat, bertsokera bat eta emaitzan baino gehiago pentsatu beharko dugu saioan».
Guztia bukatuta, dena eman izanaren sentsazioa izatea gustatuko litzaioke, eta bere zilborrera begiratuta, bere burua aurkitzea.