ILLUNBEKO zezen plaza bertso festaren testigu izango da gaur arratsean, Gipuzkoako Bertsolari Txapelketak bertan baitu azken helmuga, finala. 8 hilabete, 36 saio, 76 bertsolari eta 25.000 bertsozale dira 2011ko edizioak utzi dituen datuak, eta bakarra falta da, bukatutzat emateko: Gipuzkoako txapeldunaren izena.
Jexux Mari Irazu, Beñat Gaztelumendi, Iñaki Apalategi, Aitor Sarriegi, Unai Agirre, Agin Rezola, Alaia Martin eta Jon Martin dira final haundia jokatuko duten 8 bertsolariak, 16:30etatik aurrera. Gaurko saioak gainera, bi berezitasun izango ditu, aipatzeko modukoak: finalera iritsi diren bertsolari erdiak, lau, Hernaniko Bertso Eskolako kideak dira; eta historian aurreneko aldiz, Martin anai-arrebek elkarrekin abestuko dute final batean.
Kartzelako gaia, bideoz
Txapelketa osoan zehar egin duen moduan, gaurko finalerako ere lan puntuagarrien sistema berria landu du Gipuzkoako Bertsozale Elkarteak. Egin beharreko lan-sortaz gain, kartzelako lanean izango da berrikuntza nagusia: gaia bideo baten bidez jakinaraziko zaie bi bertsolariei. Hasierako zortzi bertsolariek 15na bertso puntuagarri kantatuko dituzte; eta buruz burukora pasatzen diren biek, beste 11.
Onenari, Laxaro Azkunek
jarriko dio txapela
Finala bukatuta, oholtza gainean izango diren bi protagonistak berriak izango dira. Batetik, Gipuzkoako txapela irabazten duen bertsolaria; finalean dauden 8ek ez baitute sekula txapela hori jantzi. Eta bestetik, txapela jartzailea: Laxaro Azkune. Ibilbide luze eta oparoa du bertsolaritzaren munduan, gai jartzaile, aurkezle eta irrati esatari lanetan aritu baitzen urte askoan. Gaurkoan ordea, zeregin berria izango du, Gipuzkoako txapeldunari sari preziatuena ematea; irabazlearen txapela janztea.
Bideo emanaldia eta
kontzertua,
finala hasi aurretik
Inoiz izan den edizio luzeena izan da 2011koa, eta ondorioz, partehartzaile, bertsolari, gai jartzaile, epaile eta antolatzaile kopurua ere inoiz baino jendetsuagoa izan da. Orion hasi eta zortzi hilabeteren ostean, Donostian bukatuko da gaur Txapelketa.
Antolatzaileek azaldu dutenez, Gpuntuaren ezaugarri nagusia saioetara gerturatu den jende emana izan da, eta arrakasta ospatzeko asmotan, festa antolatu dute gaur, finalaren aurretik. Illunbeko ateak 15:00etan zabalduko dira, eta gerturatzen direnek bideo bat izango dute ikusgai, Txapelketaren 25 urteak kontatzen dituena. 16:30etan, Elkano Browning Cream taldearen kontzertu laburra hasiko da. Antzuolako Sasibertsolarixak Bertso Eskolako kideekin eta Gariren laguntzaz, aurtengo Txapelketako sintoniaren abestia interpretatuko dute, besteak beste. Ondoren hasiko da final haundia, eta 8 protagonistez gain, Inaxio Usarralde eta Itziar Etxezarreta aurkezleak izango dira oholtza gainean.
10.000 lagunetik gora
Txapelketa osoan bezala, jende asko espero dute gaurko finalean, antolatzaileek. 10.000 lagundik gora elkartzea aurreikusten dute, finala ikustera.
Internet bidez ikusi nahi dutenek, aukera izango dute www.bertsoa.com gunean, zuzunean eskainiko baitute saioa. Horrez gain, Hernaniko Kronikak twitter eta facebook bidez egingo du jarraipena, hasieratik bukaerara. Info7 irratian ere zuzenean jarraitzeko aukera izango da eta ETB 1n laburpen bat botako dute finala bukatzean.
Garraio publikoan, Illunbera
Autobus zerbitzu bereziak egongo dira gaur Illunberako bidea egiteko. Antolatzaileek hauek erabiltzeko deia egin dute. Hernanitik betiko zerbitzua egongo da, beraz, Illunbera joan nahi dutenek Ospitaletakoa edo gorria hartzea dute egokien.
Kotxean joan nahi dutenei, hau konpartitzeko eskatu diete antolatzaileek.
1. Zein da orain arte txapelketari buruz duzun inpresioa?
2. Zein irudi edo momenturekin geratu zara?
Bi galdera horiek erantzun zituzten zortzi bertsolariek asteartean, prentsaurrean:
Jexux Mari Irazu:
1.Berezia izan da, kale edo balekoa. Eta gustora nago egindako lanarekin.
2. Bertsolariak gaiarekin asmatzen saiatzen gara. Tolosako saioan, kartzelako gaian, bizitutako gai bat etorri zitzaidan burura, eta benetan gertutakoa kontatu edo ez zalantza izan nuen. Azkenean aurrera egitea erabaki nuen, eta asmatu nuen.
Beñat Gaztelumendi:
1.Berandu xamar sartu nintzen, eta zegoen maila altua ikusita beldur pixkat nuen. Sentsazio ona daukat, baina ez nahi nukeen bezain ona.
2. Villabonako saioan anaiarekin egin nuen kopletan, eta oso berezia izan zen, lehenengo aldia zen txapelketa batean elkarrekin aritzen ginela.
Unai Agirre:
1.Konforme geratzeko aukera izan dut. Denboraz justu ibili naiz aurten, eta Txapelketa ezin izan dut nahi adina segi. Parte hartu arte ez dut jakin zein maila zegoen. Horrez gain, ikusten jende asko ibili denaren sentsazioa dut.
2.Tolosan izan zen hasieratik bakarka ateratzen nintzen aurreneko aldia, eta niretzat oso berezia izan zen, reto berezia alegia.
Agin Rezola:
1.Asko ikasi dula konturatu naiz: oholtzan egoten, gaiei heltzen... Hala ere asko dut ikasteko, eta horretan jarraitu nahi dut.
2. Eibargo saioan, nik botatako bertso baten ostean, aitona bat aulkitik altxata, algaraka eta txaloka ikusi nuen. Irudi hori grabatua geratu zait.
Aitor Sarriegi:
1.Momentuz, sentsazio gazi-gozoa dut. Erregularragoa izan nahi nuen.
2. Nere zapatekin geratu naiz. Gauzak ondo ez dijoazenean asko begiratzen ditut zapatak, eta momentuz, hortik asko izan du Txapelketak.
Alaia Martin:
1.Txapelketa luzea izan da, baina pakean geratu naiz nire buruarekin, sentsazio ona dut.
2. Ez naiz irudi batekin geratu, album bat bete dut. Argazki orokorra daukat.
Jon Martin:
1.Lehia estua, parekatua izan da. Felixekin puntutan berdinduta bukatu dut, eta hurrengotik oso gertu.
2. Idiazabalgo aurreneko bertso puntugarriarekin geratzen naiz. Ordura arte ez nekian nola arituko nintzen, eta hor lasaitu nintzen, neure burua ondo ikusita.
Iñaki Apalategi:
1. Aurrerapen haundiak egin ditut, baina aurreratzeko bide haundia dut aurretik.
2. Kartzelatik bueltatzean izaten dudan sentsazioa gustatzen zait. Normalean bertsolariei ez zaie gustatzen, baina neri jendearen indar hori iritsi egiten zait. Ahalko banu, luzatu egingo nuke.