Hernaniko Hamaikabat alderdiak ulertezina dela uste du, Bilduren gobernu taldea isilik egotea, Gipuzkoako Diputazioak Igartzagainako tunela kentzea erabakita. Hala azaldu du: «Bilduk gobernatzen duen Diputazioak barianteko proiektua moldatzea erabaki du, Portu auzotik pasatzen den tunela kenduta, eta udalerriko gobernu taldeak ez du gaia Hirigintza Batzordera eramateko asmorik azaldu, gaia baloratu ahal izateko».
Hamaikabaten ustez, gobernu taldeak utzikeriaz jokatu du eta ez ditu hernaniarren interesak babestu.
H1! tunela kentzearen aurka
Hamaikabat tunela kentzearen aurka dago eta honako arrazoiak eman ditu: «tunela kentzen bada, Igartzagainako subestazio elektrikora joateko beste sarbide bat egin beharko da. Horrek, itxuran eragina izango du eta mendiaren fisionomia hondatuko du». H1!-ek azpimarratu du tunela egitea Hernanik eskatu ziola Diputazioari 90garren hamarkadan. Eta gaineratu du: «Orain, kendu egingo dute azalpen txiki bat ere eman gabe, eta okerragoa dena, gobernu taldeak ezer egin gabe».