nafarroako hamabost bertsolari gaztek Xalto Sariketan hartuko dute parte gaur, Goizuetan. Bi urtetik behin Nafarroako Bertsozale elkarteak antolatzen du, Andres Narbarte Xaltoren omenez. 1992garren urtean egin zen aurreneko aldiz, eta gaurkoa hamaikagarren edizioa izango da. Sariketa goiz eta arratsalde jokatuko da, Udaleko Ganbaran.
Kanporaketa goizean, finala arratsaldean
Ekaitz Astiz, Aimar Karrika, Ioar Tainta, Haizea Beruete, Patxi Castillo, Irati Majuelo, Iker Goresterrazu, Iñigo Sagastibeltza, Mikel Azpiroz, Jose Luis Barberia, Xabier Maia, Oier Amiano, Kotte Plaza, Amaia Elizagoien eta Joseba Zabaleta dira parte hartuko duten 15 gazteak. Goizez, 11:00etan hasita, bi kanporaketa jokatuko dira, Ganbaran. Bi taldetan banatuta egongo dira, seiko taldea batean, eta zortzikoa bestean. Egin beharreko lana izango da: gai orokorrarekin, bertso bat; 8ko txikian, binaka, ofizioka, hiru bertso; eta hitza emanda, bertso bana. Arratsaldean berriz, finala jokatuko da. Goizeko saioetatik sei onenak sailkatuko dira 18:00etan hasiko den saioa jokatzera. Kasu honetan, lana izango da: 8ko haundian, binaka, gaia emanda, 3na bertso; 8ko txikian, binaka, ofizioka, 3na bertso; eta kartzelan, 8ko txikian, bi punturi erantzun; eta gaia emanda, bakarka, bi bertso.
Eguberritako kontzertua gaur arratsaldean, Elizan
Gabon Gauerako astebete falta den honetan, Eguberrietako kontzertua antolatu dute Goizuetan. Umore-Ona abesbatzak eta herriko gaztetxoek eskainiko dute herriko elizan, 19:15etan hasita.