«Berrehun kilometro egiteko entrenatu dut»

Kronika - Erredakzioa 2011ko abe. 17a, 01:00

Bartzelonan izango da gaur Xabier Salillas korrikalari hernaniar nekaezina 24 Hores d‘atletismo lasterketan. Egun osoan zehar arituko da korrika, eta ia 200 kilometro egiteko asmoa du. Balentria hori lortuz gero Munduko Txapelketarako txartela lortuko luke.

Mikel Aginagalde

Orain hilabete batzuk Espainiako Txapelketa utzi behar izan zenuen amaierara iritsi baino lehen. Zein helburu duzu 24 Hores d´atletismo proban?
Denboraldi honetako azken proba da Bartzelonakoa, eta bertan Munduko Txapel­ketarako txartela eskuratzea da nire helburu nagusia. Hori lortzeko, gutxienez 185km egin beharko ditut, eta horretarako entrenatu dut. Hala ere, 200km egin ditzakedala usted dut, nahiz eta hori ez den lehentasuna. Bestetik, lehen hamarren artean sailkatzea emaitza ona izango litzatekeela uste dut, nirekin arituko diren gainontzeko 120 korrikalarien maila altua kontuan hartuta.

Zein egoera fiskoan iritsiko zara probara?
Inoiz baino hobetu iritsi naiz lasterketa honetara. Ekai­netik ez dut proba ofizialik egin, eta beraz, indar berrituta nago egun. Gain­era, entrenatzaile berriarekin ari naiz lanean eta hobekuntza nabarmena izan dut azken asteetan. Helburu batzuk markatu nituen hasiera batean eta maila horretara iritsi naizelakoan nago. Oso gustura nago prestakuntza aldetik izan dudan laguntzagatik.

Nola prestatu duzu proba? Zenbat entrenatzen duzu astean zehar? Prestatzaile berriarekin nagoenetik entrenamendu espezifiko bereziak egiten ari naiz. Iraganean ez bezala, orain entrenamendu arinagoak egiten ditut lanorduei dagokienez, hau da, ordu gutxiago egiten ditut korri, baina, erritmo altuagoan. Astean, bataz beste, 15-20 ordu entrenatzen ditut. Abiadura handiagoan aritzen naiz, baina bolumen gutxiago egiten dut. Proba honetan 200km egiteko prestatu naiz, baina hori lortzea ez da erraza izango.

Prestakuntza aldetik, dieta zorrotzak egiteak garrantzia handia du. Zu nola elikatzen zara?
Urtean zehar ez dut dieta berezirik izaten, nahi dudana eta nahi adina jaten dut, baina txapelketa gerturatzen denean elikadura zaintzea komenigarria izaten da edozein atletarentzat. Nire kasuan, proba baino hilabete lehenago hasten naiz dieta moduko bat jarraitzen. Garrantzia handia du urdaila txapelketaren exigentziara egokitzea, bestela arazo fisikoak egon baitaitezke. Laburbilduz, lasterketan zehar jan eta edango dudana hartzen dut aurreko hilabete osoan zehar.

Zer da gisa honetako proba gogorrak egitera bultzatzen zaituena?
Erronka pertsonala da, batez ere, horrelako lasterketetan parte hartzeko arrazoia. Lehenik eta behin, nire gorputzaren mugak ezagutzea, hau da, sufrimendu gaitasuna noraino heltzen den ikustea, eta bigarrenik, muga horiek ahal den heinean gainditzea.

Noiz eta nola hasi zinen ultrafondoan?
Orain dela lauzpabost urte kirol ugari egiten nituen; triatloia, mountainbike… Guzti horietan ongi aritzen nintzen, baina, ez nekien benetan zer nahi nuen. Orduan, ehun kilometroko proba batean hartu nuen parte, eta emaitza benetan ona eskuratu nuen. Ondoren, disziplina horretan arreta jartzeko gomendatu zidan lagun batek, bertan etorkizuna nuela esanez. Kasu egin nion eta orduz gero ultrafondoan nabil buru belarri.

Zer da disziplina horretan garrantzitsuena?
Agian oinarrizkoena zer nahi duzun garbi edukitzea da eta zure buruari erronka berriak jartzea ere. Horrez gain, aurre egiten diezun arriskuen ezagutza izatea ere ezinbestekoa da.

Epe luzera begira zein da atletismo munduanzure xedea? Beste Disziplina bat egiteko asmoa al duzu?
Hasiera batean, Munduko Txapelketa batera joatea eta onenekin lehiatzea izango litzateke nire ametsa, baina hori oraingoz zaila izango da atzerrian maila altua dagoelako. Etorkizunera begira, ez dut beste modalitaterik lantzeko intentziorik, baina Andeetako Maratoia egitea erronka polita izango litzatekeela uste dut.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!