Ander Egaña
Hamabi urte daramatza Golfnteligente dendak kirol elegante eta sofistikatu honen zaleei zerbitzua eskaintzen, Hernanin. Agustin Sanchez Mendikute da denda honetako buruzagi eta langile bakarra. Golfa du kirolik gogokoena, eta bere esanetan, ezin da golf denda batean lan egin kirol hau ez baduzu benetan maite.
Mendikutek uste du oso garrantzitsua dela golf makilen ezaugarriak eta nolakotasunak menderatzea bezeroari zerbitzu ona eskaini ahal izateko.
Hori dela eta, hauek nola muntatzen ziren eta jokalari bakoitzari nola egokitu behar zitzaizkion aztertzen hasi, eta oso mundu interesgarria topatu zuela iruditu zitzaion. Horren ondorioz, Golfinteligente denda irekitzea erabaki zuen. Hura kokatzeko lekua Hernanin aurkitu zuen, Eziago poligonoan hain zuzen ere. Bere ustez «Hernani oso leku aproposa zen denda jartzeko, bertan golf zaletasun handia egon delako betidanik».
Denda bat baino gehiago
Golfinteligente dendan, beste edozein golf denda batean aurki daitezkeen produktuak erosi ditzazkezu: golf pilotak, makilak, poltsak eta jokatzeko arropa. Hala ere, horretaz gain, zerbitzu berezi bat eskaintzen da, Euskal Herri osoko dendetan ematen ez dena: makilak bezeroen neurrira egiten dira. Mendikutek dio «Estatu Batuetan buruturiko zortzi ikastaroak lagungarriak izan dira zerbitzu berezi hau dendan ezartzerako orduan».
Enkargu gehienak Euskal Herrirako egiten ditu, nahiz eta batzuetan penintsulako puntu desberdinetatik eskaerak ere iristen zaizkion. Agustinek dio, kasu zehatz batzuetan ere bertako «golflari profesional» batzuk hurbildu zaizkiola makil-sorta bat euren neurrira egin diezaien.
Teknologia, protagonista
Golf-ean, beste edozein kiroletan bezala, teknologia gero eta garrantzia haundiagoa hartzen ari da, eta Agustinek ongi baino hobeto daki zein garrantzitsua den hori gaur egun: «Teknologia ezinbestekoa da nik egiten ditudan gauzak egiteko».
Bere esanetan, makilaren xehetasun txikienak garrantzia izugarria du pilota astintzerakoan: «Jokalaria eroso sentitu behar da bere makilarekin, bai pilotari ematerakoan bai berau heltzeko orduan ere».
Horregatik, makilak neurrira egiteko, mota guztietako gailu elektronikoak ditu Mendikutek bere dendan. Swing edo, hobeto esanda, makilaren mugimendua pilota astintzerako orduan aztertzen duen gailu elektronikoak, makilak pilotarekin talka egiterako orduan bi argazki egiten ditu. Ondoren, Autosport izeneko programa informatikoari esker Mendikutek, makilak hartzen duen abiadura, pilota nahiko altxatzen duen ala ez, pilotaren erdialdean jotzen duen ala ez, jasaten duen karga eta golflariak hartutako eraso-angelua aztertzen ditu.
Honez gain, makilaren aurpegiko talkaren analisi dinamikoa ere aztertzen du gailu elektroniko baten bitartez, makilen neurri zehatza aurkitzeko asmoz. Azkenik, bai makila eta baita pelotaren abiadura kalkulatzen ditu radar gailu baten bitartez, bezeroarentzako zein buru (beheko aldea) eta zein pilotak diren egokienak ondorioztatzeko: «Niri, medikuen antzera, makilen diagnostikoa egitea gustatzen zait».
Mendikuteren esanetan, beharrezkoa da makila eskatzen duen bezeroa dendara hurbiltzea, aipatutako proba guztiak egiteko: «Bertan, bezeroak zenbait jaurtiketa egin, eta hauek amaitzerakoan guztien batazbestekoa egiten dut». Prozesu guzti hau gutxi gorabehera bi ordukoa izan ohi da. Berau amaitu ondoren eta datu guztiak kontuan hartuta, Mendikutek badaki bezeroak makil bigun ala gogorra behar duen, zein buru behar duen izan, zein altueratakoa eta zein helduleku mota den egokiena berarentzako.
Orokorrean, neurrira egiten diren makilak aste baten buruan edukiko dituzte bezeroek etxean. Mendikuteren esanetan, Golfinteligente dendan neurrira egindako makil-sorta baten iraupena bost urtekoa izan ohi da. Ez apurtzen direlako, urteak joan ahala material hobeagorekin lan egiten duelako baizik. Makil hautsien konponketak ere egiten ditu. Hau guztia dendan bertan egiten du: «Makilak bezeroaren neurrira egiten direnean, emaitzak goizetik gauera antzematen dira».
Salneurria, materialen arabera
Prezio guztietako makilak aurki ditzakegu denda honetan. Mendikuteren aburuz «fabriketatik eginak iristen diren makilak merkeak dira, baina erdian sartzen diren komertzializazio gastuek asko garestitzen dute euren prezioa».
Berari, makilak muntatzeko materiala Estatu Batuetako fabriketatik iristen zaio zuzenean, eta kasu honetan, ordaintzen den gauza bakarra bere esku-lana besterik ez da. Bere iritziz «saltzen duena ez da garestia», baina prezioa, erabiltzen den materialaren araberakoa izango da beti: «Material garestia aukeratzen baduzu makila garestia aterako zaizu, bestela ez». Agustin Sanchezek saldu duen makil-sortarik garestiena 4 mila eurokoa izan da eta merkeena berriz 250 eurokoa. Bi muga horien tartean, bezeroek edozein preziotan aurki ditzakete makilak.
Golf-aren ospea
Golf-a kirol bezala, betidanik egon da jende dirudunarekin erlazionatuta. Hala ere, Mendikute ez da iritzi horretakoa: «Golf-ean jokatzen hasi zirenak dirudunak zirenez, kirol honetaz guztiok dugun ikuspegia da oso garestia dela, baino hori ikuspegi okerra da»
Dendariaren esanetan, Estatu Batuetan eta Ingalaterran ezberdina da; golf zelai publikoak dituzte, eta bertan denek dute jokatzeko eskubidea.
Golf-a kirol maitatua, Hernani inguruan
Ezaguna da Hernanin futbola, eskupelota eta errugbia bezalako kirolekiko dagoen zaletasuna, hala ere, Mendikutek esanetan, herrian, jendeak pentsatzen duena baino zaletasun handiagoa dago golfarekiko: «Zelai oso onak ditugu bai Andoainen bai eta baita Ospital inguruan ere». Hala ere, bere ustez, «golf zelai publikoen sorrerak, nabarmen haundituko zukeen kirol honen zaletasuna»
Saretxo Txikigolf
Golfinteligente dendaz gain, golf kirolarekin Hernanin daukagun erreferentzia zuzen bakarra Santa Barbara auzoan dagoen Saretxo Txikigolf-a da. Bertan, golf zaletu eta ez hain zaletuek golf kirolaz gozatu dezakete, eta momentu on bat pasa. Txikigolf-ak 18 zulo ditu eta horietan, partehartzaileek, golf-aren bukaerako zatia praktikatzeko aukera dute, betiere, makil eta pilota banarekin..
L Golf Club
Astigarragako Troia Ibilbidean, L Golf Club aurkitzen da. Bertan, bezeroek indoor zelai publikoan golfean aritu, ikastaroak jaso eta euren teknika hobetu dezakete.
Denbora urrian, aldaketa haundiak
Golfinteligente dendak eboluzio haundia bizi du sortu zenetik hona. Makilak neurrira egiten hasi denetik, Agustinek enkargu gehiago jasotzen dituela somatu du: «astean zehar lanez lepo nabil, eta hori oso onuragarria da niretzako».
Ikusita jendea dendara hurbiltzen zela, Agustinek online denda bat sortzea erabaki zuen, bere zerbitzua Euskal Herriko txoko guztietara irits zedin: «web orrialdea nik sortu nuen orain dela urte batzuk, eta orain daukadan lan guztiarekin nahiko utzita daukat».
Agustinen esanetan, negozioa ahotik ahorako sistemarekin hasi zen, hau da, bere ingurukoek beraien ingurukoei dendaz hitz egin, eta pixkanaka jende gehiago gerturatzen hasi zen: «hasieran lagunak besterik ez ziren etortzen, baino denborak aurrera egin ahala eta gaur arte, jende asko hurbildu da »
Egunean, bi makil
Hala ere, argi dauka negozioak bere horretan jarraitzeko, lanean jarraitu behar duela: «Egunean gutxi gorabehera bi makil egiten ditut eta zorionez lana ez zait falta».
Etorkizuna da Golfinteligenteren erronkarik haundiena eta hori Mendikutek badaki: «negozioa ondo dijoa, eta espero dut etorkizunean dena orain arte bezala joatea»