Urtero bezala, Santo Tomas Egunetik gertuen dagoen larunbata izaki, Santo Tomas jaia antolatu du San Joan Konpartsak. Urtero bezala, txistorra eta taloak jateko aukera izango da goiz partean, eta arratsaldean, berriz, erromeria Patxi Perez taldearekin. Eguraldi txarra iragarria dagoenez, aurten, ekitaldiak lekuz aldatuko dituzte eta txistorra eta taloak udaletxeko arkupetan egongo dira erosgai, 11:00etatik 14:30etara. Erromeria, berriz, Atsegindegin izango da, 18:30etatik 20:30etara.
Txerriaren errifetan, akatsa
San Joan Konpartsak txerritxo bat zozketatuko du eta azaldu duenez, errifetan akats bat dago. Hori horrela, argibideak eman ditu: «2011ko abenduaren 17ko itsuen zozketaren zenbaki saridunaren lau zenbakiekin bat datorrena izango da gure zenbaki sariduna. Saria jasotzeko epea 30 egunekoa da, hau da, urtarrilaren 18ra arte. Sariduna agertzen ez bada, zozketa errepikatu egingo da, 2012ko urtarrilaren 19ko itsuen zozketarekin».
Txistorrada eta Gabonetako zozketak bihar, Sorgintxulo eta Portun Sorgintxulo eta Portu auzoetan txistorrada egingo dute bihar, goiz partean, auzotar guztientzat. Sorgintxuloko Auzo Elkarteak jakinarazi duenez, hamaiketakoa egiten den bitartean, saski bat eta ardo botila kaja bat zozketatuko dituzte elkarteko bazkideen artean. Bakoitzaren zenbakia kuotako erreziboan azaltzen da. Saskia, elkarteko lokalean dago ikusgai. Portun, eguerdiko 12:00etatik aurrera egingo dute txistorrada Ibarrolaburu Plazan eta kasu honetan ere, txistorrada bukatzean, Auzo Elkartearen Gabonetako saskia zozketatuko dute.