Aurten ere, Sahararen aldeko VIII. Euskal Karabanan parte hartuko dute hernaniarrek eta ikastetxeetan eta Biteri kultur etxean hasiak dira produktuak biltzen, Saharar herriari bidaltzeko. Gaur eta bihar, berriz, supermerkatuetan egingo da bilketa. Biltzen ari diren produktuak dira: azukrea, olioa, pasta, lekaleak, atuna eta sardinak oliotan, konpresak eta helduentzako pixoihalak. Urtarrilaren 13 eta 14an ere izango da berriz aukera produktuak supermerkatuetara eramateko. Ikastetxeei dagokienean, berriz, abenduaren 22ra arte, hau da, datorren ostegunera arte luzatuko dute bilketa. Eta kultur etxean, urtarrilaren 13ra arte. Ohi bezala, kanpaina bukaera aldera, haima bat jarriko da Plaza Berrin. Hori, urtarrilaren 14an izango da.
Aurreko emaitzak
gainditzeko asmoa
Karabana, SEADen aldeko Otsailak 27 Saharar Herriarekiko Elkartasunerako Euskal Elkarteek antolatu dute, Udalen laguntzarekin. Azaldu dutenez, elkartasun kanpaina honen helburu nagusia Saharar Herriari janariak bidaltzea da, Tindoufeko (Aljeria) errefuxiatuak janari aldetik jasaten ari diren krisialdia ahal den neurrian arintzeko. Eta azken bost urteetako Karabana Bateratuek izandako arrakasta kontuan hartuta (480 tona pasatxo azken ekitaldian), edizio berri honetan, aurreko kanpainen emaitzak gainditu nahi dira.
Diru laguntza eman nahi izanez gero: Euskadiko Kutxa 30350080940800054177.