Florentino Goikoetxea, Comete Sarean laguntzen aritu zen mugalari hernaniarra da, mugalarien artetik ezagunena. 1941-1944 bitartean, naziengandik ihesi zebiltzan 200dik gora abiadoreri lagundu zien muga pasatzen. Oso maitea eta mirestua izan da; eta da. 1980 urtean hil zen Ziburun eta bertako hilerrian dago lurperatua.
Bere bizimoduaz gehiago jakiteko asmoz, Antonio Goikoetxea anaiarekin hitz egiteko aukera izan du Kronikak. Berarekin, bere emazte Karmen Urdangarinekin eta euren alaba Marian Goikoetxearekin.
Goikoetxeatarrak Altzueta baserrikoak dira eta 11 anai-arreba ziren: 4 neska eta 7 mutil. Zaharrena Joxe Mari zen eta hurrengoa, Florentino. 11garrena, berriz, Antonio. 20 urteren aldea zuten Florentinok eta Antoniok eta azken honek, 94 urte bete berri ditu, Karmenekin 60 urte ezkonduta egin dituen egun berean.
Florentino, tronkokoa
«Florentino tronkokoa zen, ez zepakoa. Honek ekarri zuen bizimodua berekin eginda», dio Antoniok, Florentinoren gainean galdetuta. «Etxean ez zenuen harrapatuko inoiz». Ez zuten jakiten noiz etorriko zen etxera ezta noiz joango zen ere. Gauak pasatzen zituen mendian. Eta ez gerra garaian bakarrik, beti izan omen zen horrelakoxea. «Bere bizimoduan ez zuen inork agintzen. Itsasoak eta mendiak bakarrik».
«Zamarraren arabera jakiten genuen non zegoen»
Etxera bueltatzen zenean, harritxintxarrarekin leihoan nola jotzen zuen gogoratzen du Antoniok: «Eguberritan etorriko zela bagenekien, baina ez genekien noiz. Donostiako sagardozale batek ekarritako fonografoa entzuten ari ginela gogoratzen dut eta kafea-eta hartzen ari ginela, anaia konturatu zen harriak nola jo zuen leihoan. Hantxe zegoen Florentino, galtzak belauneraino igota eta alpargatekin, busti-busti eginda. Egun hartan jela ikaragarria egiten zuen eta Epele Etxeberriko presan pasa omen zen!».
Beste batzuetan, berriz, eurak konturatu gabe izaten zen etxean. «Garaiz joaten ginen lotara eta 06:30ak aldera esnatzean, amuarraiz betetako ontzi bat egoten zen askotan. Bagenekin Florentino etxean izana zela».
Lagundu ere egiten zioten, behar zuenean. Esaterako, janaria eramaten zioten. Eta nola jakin non zegoen? «Etxe aurrean zamarra bat egoten zen eta zamarra hura lekuz aldatua baldin bazegoen bagenekien bertan zela».
«Gezurra esaten zuen, egia esateko»
Florentino serioa zela gogora-tzen du Antoniok. «Ez zuen inoiz inork parrez ikusiko, baina berak besteei eginarazten zien». «Gezurra esaten zuen, egia esateko».
Marianek gogoratzen du beti esaten ziela inoiz ez esateko nora zijoazen. Donostiara baldin bazijoazen, Urnietara zijoazela esateko. Karmenek bere esan bat aipatu du: «Ez al du nahiko norberak jakitearekin?».
Ostegunero, baba beltza
1944ko uztailean, alemanek atxilotu zuten, tirokatu eta hankean eritu ostean. Aurretik ondo gorde zituen zeramazkien paperak. Baionako ospitalera eraman zuten eta bertatik Comete Sareko kideek salbatu zuten. Ordutik Ziburun bizitu izan zen eta astero etortzen zen Hernanira, autobusez. «Ostegunero gure etxean izaten zen bazkaltzen eta beti banekien zer jarri: baba beltza», dio Karmenek.
Florentinok egindakoaren berri, gerora jakin dutela dio Marianek: «Gure aitak-eta jakingo zuten zerbait, baina gu dokumentala egiten hasi zirenean eta Aberasturik liburua idatzi zuenean hasi ginen konturatzen».
Inoiz ez zuela ezer kontatu dio Karmenek. «Ezkondu behar zuela ere abisu bat bidalita jakin genuen: Ezkontzeko eta hiltzeko ordu segururik ez dela, eta berari ezkontzeko ordua iritsi zitzaiola».
Florentinoren inguruan kontu denak aipatzea ezinezkoa da. Hori bai, Antoniok argi utzi du: «Anai bat bizi dan bitartian, bestia ez dek hilko».