1943ko urtarrilaren 15eko gaua zen. Urruñan, Frantxia Usandizagak Bidegain-Berri bere baserrian ezkutatuta zituen hiru abiadore, Dédée Comete Sareko kidearekin batera. Muga noiz pasako zain zeuden. Juan Manuel Larburu errefuxiatu hernaniarra, Frantxiaren langilea zena ere, bertan zen. Florentino Goikoetxea mugalari hernaniarra iritsi zen azkenean, baina euria egiten zuela eta, Bidasoa ibaia ezingo zutela zeharkatu esan zien. Hurrengo gauean itzuliko zen berriz... Hurrengo gaua ez zen iritsi ordea. Alemanek Bidegain-Berri baserrian zeuden 6 lagunak atxilotu zituzten.
Gertakari hartatik abiatuta, Azken Bidaia (El Último Paso) dokumentala egin dute Iurre Telleria eta Enara Goikoetxea hernaniarrek eta datorren ostiralean aurkeztuko dute Biterin. Dokumentala ikusi ostean, kolokio antzekoa egingo da. Horrez gain, asteburu osoan egongo da dokumentala ikusteko aukera.
Urruñako gertakaritik
abiatuta, Cometen istorioa
Azken Bidaia, Comete Sareari buruzko dokumentala da, hau da, Bigarren Mundu Gerran naziengandik ihesi zebiltzanei laguntzeko sortu zen sareari buruzkoa. Telleria eta Goikoetxeak Urruñako baserri hartan gertatu zenetik abiatzea erabaki dute, «pasarte horrek dena daukalako. Aukera haundiak ematen zizkigun. Alde batetik, oso momentu dramatikoa zen; eta bestetik, izan zen inflexio puntu bat Cometen historian. Comete sortu zuenetako bat eta denbora askoan bere arima izan zena, Dédée, hor atxilotu zuten eta horrek eragin zuen Cometen egitura aldatzea, hurrengo urteetan. Gainera gertakari horrek ematen zigun, parte hartu zuten askoren istorioa kontatzeko aukera, une horretatik abiatuta, eta ez estruktura kronologiko batetik abiatuta. Bagenituen pertsonaia erreferenteak Cometen parte bat kontatzeko: Sorrera, Belgikarren parte hartzea, euskaldunena, hegazkin gidariena… Eta publikoarentzat ere erakargarriagoa da ikusteko garaian».
Kritika ona
Sei urteko lanaren ostean, Donostiako Zinemaldian estreinatu zen dokumentala. Azaroan, berriz, Donostia, Bilbo, Gasteiz, Bartzelona eta Madrilen estreinatu da eta orain herrietan zabaltzekotan dira. Estatutik kanpo ere aurkeztu dute dokumentala, Frantzian eta Belgikan, esaterako. Ostiral honetan bertan, Paun izan dira, bertako zinemaldian. Bi zuzendari hernaniarrak oso gustora daude dokumentalak izan duen harrerarekin. «Jendeari asko gustatu zaio eta kritika ona egin digute». Dena dela, nabarmendu dute, estreinaldirako momentu ona ez dela izan. «Estreno asko tokatu dira batera eta euskal produkzioak, gainera. Horregatik jende gutxi joan da ikustera. Horrez gain, orokorrean, lehen baino jende gutxiago joaten da orain zinera».
Dokumentala, Espainia, Frantzia eta Belgikaren arteko koprodukzioa izan da eta bertako telebistetan eta nazioarteko beste zenbaitetan ere interesa badagoela nabarmendu dute. «Gure helburua ere hori izan da, salerosketa internazionala eta dokumentalean erabili dugun ikuspuntua izan da, ulertua izan dadila munduko edozein lekutan».
Elkarrizketa ugari
Dokumentala egin ahal izateko, jende mordoa elkarrizketatu dute. Ez dakite ziur esaten, baina 40-50 lagun bai, behintzat. «Hori horrela izan da, azken batean ideia genuelako, ez zentratzea bakarrik oso pertsonaia klabeetan. Comete Sareak zeukan ezaugarrietako bat zen, jende askok gauza txikiak eginez mantendu zuela sare hori, eta ideia hori zabaltzeko beharrezkoa zen pertsonaia asko izatea».
Eta hainbeste elkarrizketen artean nola egin aukeraketa? Lehenengo aukeraketa haundi bat grabaketa aurretik egin zuten. «Gidoi lan haundi bat egin zen. Tecla Geesing gidoilariarekin elkarlanean egin genuen. Eta gero bigarren aukeraketa bat egin zen montajean. Azken momentuan pertsonaia batzuk erori dira, baina orokorrean, hasieratik erabakitakoak mantendu dira».
Horrez gain, argi zeukaten hainbat ezaugarri kontuan izango zituztela aukeraketa egiteko: «pertsonaiek kontatu behar zizkiguten garai ezberdinak Cometen estrukturan, leku ezberdinak, eta ikuspuntu ezberdinak eman behar zituzten, hau da, kolaboratzeko modu ezberdinak».
Lehenengo eskuko
informazio asko, galdua
Hasiera batean, mugaren alde honetan elkarrizketa ugari egin zituzten informazio gehiago lortu nahian, eta konturatu ziren, askoz gehiago ez zegoela ateratzerik.
Senideengana jo dute gehienetan informazio bila, protagonista asko hilda baitaude. Hilda daude Cometen laguntzen aritu ziren lau hernaniar ezagunenak: Florentino Goikoetxea, Tomas Anabitarte, Juan Manuel Larburu eta Martin Errazkin. Horrek zailtasun asko ekarri dizkie.
Elkarrizketak egiten eta informazioa biltzen lehenago ez hasi izanagatik pena ote duten galdetuta, halaxe diote: «Hernaniarrik guk ezingo genuen nahita ere elkarrizketatu. Pentsa, Florentino 80garren urtean hil zen! Hemendik kanpo bai, lehenago hasi bagina harrapatuko genituen gehiago. Hemengoak zaharragoak ziren kanpokoak baino».
Iparralderaino, sarearen funtzionamendua
dokumentatua
Iparralderainoko tartean, Comete Sareak egin zuen lana askoz hobeto dokumentatua dagoela azaldu dute Telleria eta Goikoetxeak. «Gerra bukatzean, informeak egin zituzten, ikerketak… Frantzian, Belgikan, Erresuma Batuan eta AEBtan. Espainian, berriz, ez zen gerra ondoko erantzun hori egon. Frankismo garaia zen, hari buruz ezin zen hitz egin. Azken batean, Comete antzeko sareei laguntzen zietenak Francoren etsaiak ziren. Zenbait artxibo badaude, hegazkinlariei, Britainiara iristen zirenean egiten zizkieten galdeketak zirela eta, baina asko laburtuta daude, zentsuratuta...
Izan ere, behin muga pasata, zerbitzu sekretu britanikoen lana zen, ez zen hainbeste Comete Sarearena. Zerbitzu sekretu britaniar eta beranduago amerikarrek, hartzen zituzten abiadoreak kotxe diplomatikoetan eta haiek eramaten zituzten Madrilera. Handik Gibraltarrera, eta bertatik Britainiara bueltan».
Enbajadako langileen aztarnak
Orain dela gutxi ezagutu dute, enbajadako kotxe horietako gidaria izan zenaren semea. «Gu ibili ginen bila dokumentala egiteko garaian. Batez ere enbajadarekin lotutako testigantzak lortzeko. Bilboko kontsulatuaren bidez saiatu ginen enbajadako garai hartako langileren bat bilatzen eta ez genuen topatu. Orain agertu da».
Eta orain dela gutxi, beraien webgunearen bidez, Cadizeko gizon bat jarri da eurekin harremanetan. «Bere aitaren laguna omen zen Madrileko enbajadan lan egiten zuen MI9 edo espionaje zerbitzuko agente bat. Eta Gibraltarrera pasa aurretik beraien etxean egoten omen ziren abiadoreak. Aitak kontatu zion hil aurretik, semeak zulo bat aurkitu baitzuen, abiadoreak egoten zirena. Orain ulertzen omen du eguberritan zergatik izaten zuten urtero saski haundi bat, britainiarrek bidalia».
Informazioa jaso eta emateko, webgunea
Informazio asko geratu zaie atera gabe eta hori zabaldu beharra sentitzen dute. Horretarako webgune bat sortu dute eta bertan materiala eskuragarri dago: www.elultimopaso.net. Informazio hori osatzen joango dira pixkanaka, bideo berriak igotzen, ikerketako materiala atalka jartzen… Webgunearen bidez informazioa emateko aukera ere badago gaiaren inguruan.
«Jendeak oraindik ezer gutxi daki»
Dokumentalaren bi zuzendariek hernaniarrak animatu nahi dituzte dokumentala ikustera. «Jendeak oraindik ezer gutxi daki gai honen inguruan. Portutik Osiñagara doan bide horretan jende mordoxka ibiltzen da pasiatzen eta askok ez dakite ezer Loidi parean dagoen oroigarri hori zergatik dagoen. Iruditzen zaigu zerbait garrantzitsua dela eta ezagutu eta errekuperatu egin behar dela. Hernanik badauzka istorio pila bat errekuperatzeko, eta hau ere, bada bat».
«Dokumentala da, baina ez da batere astuna»
Herritar batek esana omen da: «Ez zenioten jarri behar dokumental izena. Pelikula bat bezalakoa da!» Eta hala azaldu dute: «Arina da. Pertsonaietan eta euren bizipenetan oinarritua da eta dokumentala konturatu gabe pasatzen zaie gehienei. Hala esan digute».
Horrez gain, beldurra zuten azpitituluekin jendea ez ote zen eroso sentituko, baina asmatu dute: «Jendeak oso ondo erantzun du. Esan digute oso aberatsa dela eta pertsonaia bakoitzaren azalpenak norberaren hizkuntzan entzutea oso espresiboa dela». 4 hizkuntza erabiltzen dira dokumentalean: euskera, gaztelania, ingelesa eta frantsesa.
Soinu banda, Joxan Goikoetxeak egina
«Oso Soinu banda berezia eta polita egin du»
Dokumentalaren soinu banda Joxan Goikoetxea musikariak eta Musika Eskolako zuzendariak egin du. Joxan Florentinoren senidea da; bere aitona eta Florentino anaiak ziren.
Proiektuan hasieratik dago eta hasieratik azaldu zuen gogoa dokumentalaren musika berak sortzekoa, hala azaldu dute Telleriak eta Goikoetxeak. «Beretzat garrantzitsua zen parte hartzea eta guri egokia iruditu zitzaigun. Eta egia esan, emaitza sekulakoa izan da. Oso soinu banda berezia eta polita egin du eta ez dugu guk bakarrik esaten! Berak dioenez, prozesua luze joan da eta denbora eman dio ondo hausnartzeko eta lantzeko».