Rafa Egiguren idazle hernaniarrak Gauza guztiak (Pamiela) izeneko liburua aurkeztuko du asteazkenean. Errioguarda jatetxean izango da aurkezpena, arratsaldeko 19:00etan. Txinari buruzko lana da. Ez da ohiko turismo gida bat, baina Txinara bidaiatu nahi duenak badu herrialdearen inguruan zer ikasi Gauza guztiak liburuarekin. Egigurenek duela 25 urte idatzitako oharrak, han izandako bizipenek utzitako oroitzapenak eta herrialdeko kulturaren oinarriak jaso ditu lan horretan.
Euskaldunen urratsak, Txinan
Txinako kultura ezagutzeko aukera eskaintzen du Egigurenek liburu honen bidez. Liburuaren muinean, herrialdeko kulturaren barrunbeak daude, hau da, taoisten parabolak. Ondoren izan ziren neotaoistenak ere presente daude, beste geruza batean. Hizkuntza bera ere landu du, txineratik euskerazko itzulpenak eginez, esaerak eta esanahiak sartuz. Tang garaiko olerkiak eta Song garaiko pinturak izan ditu hizketagai, elkarrekin oso lotuta dauden bi arte. Euskaldunek Txinan egindako urratsak ere ekarri ditu gogora, pelotari eta jesuitenak tarteko.
Zortzi liburu
Egiguren, euskeraren irakaskuntzan eta itzulpengintzan aritu da besteak beste, eta gaur egun hizkuntza normalizazioan egiten du lana. Zortzi liburu idatzia da: Gauza guztiak liburuaz gain, 3 olerki, 2 nobela eta 2 itzulpen.