«...Eta dezenteko abilidadea!», erantsiko lioke kazetariak, Mikel Barreirok esandakoari. Hernaniar honek sekulako artelanak egiten ditu kartoiarekin: aulkiak, butakak, kutxak, apalak... Gaur, Atsegindegin izango da Orkolagako artista, diseinu grafikoa ikasi, eta gaur egun eskulanetan ari dena.
«Frantzian oso ezaguna da teknika hau»
Barreirok lagun baten bidez ezagutu zuen arte modu hori. Internet bidez ikasi zituen pausoak, eta orain burubelarri ari da horretan. «Nere kaxa hasi nintzen ni, baina Frantzian ikastaroak ematen dira. Han oso zabaldua dago».
«Funtsean, kartoia berziklatzen dut nik, eta ez dut gauza askorik behar: kartoia, kola, kuterra, eta regla bat. Lehenengo eskeletoa egiten da, gero forratu, eta gusto pixka batekin pintatu». Barreiro diseinu grafikotik dator, eta marrazkilari bikaina da. Horrek ere asko laguntzen dio Barreirori, artelanari azken ukitua emateko. Mundu berri bat deskubritzen ari da, eta gaur erakutsi egin nahi die, Atsegindegira hurbiltzen diren guztiei. Aleren bat saltzen badu ere, «kontentu» litzateke hernaniarra.
Artisau Azoka gaur
Pablo Lasaren omenez Artisau Azoka antolatu du gaur Hernanin, Gabiltza Artisau Elkarteak. Jana, edana, eta musikak lagunduta, 28 artisauren lanak ikusgai izango dira Atsegindegin, goiz eta arratsalde. Goizeko 10:30etan eta gaueko 20:00ak arte egongo da (eguerdian itxita, 14:30-17:00 bitarte).