Olaia Auzmendi eta Julia Casanellas Hernaniko errugbi jokalariak Euskal Selekzioarekin entrenatzen izango dira gaur goizean, Mungian (Atxurizubi). Datorren asteburuan, Pirineoetako Txapelketa jokatuko da eta horretarako, Gipuzkoa, Bizkaia, Araba eta Nafarroako jokalari onenak nahi ditu selekzioak.
Berez, lau jokalariri egin diete deialdia, baina bik ezin izango dute joan: Leire Rodriguezek, lesionatua dagoelako eta Ane Puertak, ikasketak direla medio. Gaurko entrenamenduaren ostean erabakiko dute zeintzuk aukeratuko dituzten txapelketarako.
Hernaniko nesken taldea aurten jarri da martxan, gehienak hutsetik hasi dira, lau ezik, eta taldekideek Kronikari azaldu diote berri pozgarria dela deialdiarena. «Gainera, jokalarietako bat, Olaia, hasiberria da».
Ikasten eta taldea indartzen
Hernaniarrak Euskal Liga jokatzen hasi dira, bi partidu jokatu dituzte, eta oso gustora daude. «Gure lehenengo helburua taldea ateratzea zen eta lortu dugu. Orain errugbia zer den ezagutu eta basea egitea da helburua. Ligan zer egiten dugun ez zaigu inporta. Orain ikasten ari gara, datorren urtean bai, prest egongo gara konpetitzeko».
Ligan, 7 talde dabiltza: La Unica Nafarroatik, Uribealdea, Getxo, Durango eta Gaztedi Bizkaitik, eta Eibar eta Hernani Gipuzkoatik. Buelta bakarrera izango da; beraz, 6 partidu jokatuko dituzte.
Hurrengo partidua urtarrila bukaeran jokatuko dute, Getxoren aurka, «talde onena da eta partidu gogorra izango da», diote.
Hirugarren entrenatzailea
14-49 urte bitarteko 22 jokalarik osatzen dute taldea. Horiek dira fitxa dutenak, baina entrenatzen gehiago ere badabiltzala azaldu dute.
Entrenatzaile lanetan, berriz, orain arte, Nerea Granados eta Maider Garmendia aritu dira, Joxe Elosegiren laguntzarekin. Entrenatu ere, jubenilekin entrenatu izan dute eta behin taldea martxan jarri dela, aldaketak egiteko garaia iritsi zaiela azaldu dute. Hala, hirugarren entrenatzaile bat dute orain, Joseba Silgero, eta taldea aurrera ateratzeko ardura beraiek hartu dute. «Errugbian entrenatzaile batekin edo birekin ezin da taldea ondo eraman. Gutxienez, 3 behar dira. Errugbia bitan banatzen da: aurrea eta atzea. Entrenatzaile bat behar da aurrerako, bestea atzerako eta hirugarren bat bietarako. Egokiena laugarren bat izatea litzateke, fisikoa lantzeko», dio Granadosek.
Probatzera joateko, deia
Errugbiarekin maiteminduta daude taldekideak. Halaxe dio Marijok, taldeko beteranoak: «Ez dut ezagutzen errugbia bezain kirol integratzailerik. Denek dute taldean lekua: altuek, bajuek, gizenek, argalek... ez da ezaugarri fisiko zehatzik behar». Hori horrela, probatu nahi duten guztiei, erreparorik gabe, entrenamendura azaltzeko dei egiten diete. Astearte eta asteazkenetan 18:30etan eta ostiraletan 19:30etan. Telefonoa: 943 55 76 96.