Artisauen lanak bakarrik ez, bihar aitzakia asko dago Atsegindegira bueltaxka egiteko. Urtero azaltzen direnek dioten gisan: «Artisau Azoka, eta askoz gehiago...». Goseak dijoazenek paotxa bilatuko dute Atsegindegin, eta denborapasak ere jarri dituzte, gazteentzat eta helduentzat.
Mokofinek gozamen ederra hartuko dute bihar: ardi-gazta Bergaratik ekarriko du, Jose Ramon Etxabek; eztia Seguratik, Eugenio Elortzak. Yubi hernaniarrak Marruekosko pastak jarriko ditu, eta Finca Val de Guineak ardoa, Logroñokoa. Urtero bezala, ez da faltako Goierriko talorik.
Denborapasak Mertxe Martinezek prestatu ditu. Goizean kristalezko botilak bete eta apaindu; eta arratsaldean oso kontu berezia: kafe hondarrekin egindako koilare, brotxe, belarritako...
Bada bikote bat, ia urtero Artisau Azokan izan dena. 28 urtez etorri dira Hernanira Agirretxe anaiak, Irundarrak. Baita ere, urtero xamar hor izaten direnak, musika eskolako trikitilariak. Bada behintzat aukera, aurten ere, Hernanin sekula izan den Artisau Azoka haundienean, artearekin bete, jatenarekin ase, eta musikarekin gozatzeko.