Ostegunean, Animalien Ordenantza moldatzeko azken bilera irekia egin zen Udal ordezkariekin. Bertan, 40 bat lagun bildu ziren eta Udalak egindako proposamenetako batek, hau da, txakurrentzako gune libreak jartzeak, eztabaida sortu zuen eta ez ziren adostasunera iritsi. Luis Intxauspe Hernaniko alkateak azaldutakoaren arabera, txakurrak ibiltzeko toki batzuk jartzea edo ez jartzea, jartzen badira nola funtzionatuko duten, gauetan edozein parketara txakurrak eraman ahal izatea... erabakitzeko geratu dira. Gai horrekin zer egin, talde batek adostuko du. Talde horretan daude udal ordezkariak, txakur jabeak, txakurrik ez duten herritarrak eta herriko bi albaitariak. Erabakia abendua erdialdean, zubiaren ostean hartuko dute. Talde horrek baita ere, sentsibilizazio kanpaina jarriko du abian.
Adostean, Plenora
Txakurren guneen gaia airean geratu bada ere, gainerako proposamenak adostu dituzte, ADN proba kentzea, esaterako. Horrez gain, erabaki dute, komertzio eta ostalaritzan txartelak banatzea, txakurrak onartzen ez direla diotenak.
Falta den puntua adostean, Plenora eramango du proposamena, Gobernu Taldeak.
Parte hartze haundia
Ordenantza moldatzearen inguruan bi bilera ireki egin dira eta Intxauspek oso balorazio positiboa egin du: «Parte hartze haundia izan da eta bilera interesgarriak izan dira. Ikuspegi ezberdinetako herritarrak bildu dira».