Gipuzkoako Diputazioak diru kopuru berdina emango die 2012an euskal hedabideei. Eusko Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak askoz diru gutxiago ematea aurreikusten dute 2012an. Jaurlaritzak 400.000 euro gutxiago, eta Nafarroako Gobernuak sosik ez. Diru gehiago emango duen instituzio bakarra Bizkaiko Diputazioa da. Euskal hedabideek (tartean Hernaniko Kronika) kezka azaldu dute, sektorea oso egoera kaxkarrean geratuko delako, hori horrela baldin bada. «Ekonomia aldetik urte oparoak izan direnean, ez dute serio hartu sektorea, eta orain kupìdarik gabe zigortu nahi dute, inolako konplexurik gabe». Horrez gain, aldarrikatu nahi izan dute (gaur albiste hau argitaratu dute euskal hedabide guztiek), «sektore honek merezi duela kontuan hartzea, eta behar bezainbesteko lehentasuna ematea. Badakigu sektoreak indarrak bildu behar dituela, proiektu sendoak elkarrekin egin behar ditugula, eta lan hori instituzioekin batera egitekoa dela. Baina horretarako, instituzioen laguntza behar beharrezkoa dugu». Garrantzi haundiko lana egiten dute euskal hedabideek, arrazoi askorengatik. Langile asko ari dira lanean sektore honetan; komunikazioan lan izugarria egiten dute, eta baita euskera normalizatzeko eta indartzeko bidean ere.