Oihana Kortazar- Mendi lasterketetan munduko txapelduna: «Ikusleen galderak erantzunda azaltzen dut ondoen nor naizen eta zer egiten dudan»

Kronika - Erredakzioa 2011ko abe. 2a, 01:00

Mendi lasterketen munduan irabazi daitekeen ia guztia irabazi du Oihana Kortazarrek. Ibai Mendik gonbidatuta Biterin izango da gaur, beste hainbat solaskiderekin, bere esperientzia kontatzen; 19:00etan.

Mendi lasterketen mundua ondo ezagutzen duen norbait badago, hori Oihana Kortazar elgetarra da. Ez dira urte asko pasa probetan parte hartzen hasi zenetik, baina lortutako emaitzei erreparatu besterik ez dago ikaragarrizko esperientzia duen emakumea dela konturatzeko. Ibai Mendi Herna­niko dendak gonbidatuta, Biterin egongo da gaur arra­tsaldean Kortazar, bere esperientzia propioa kontatu eta ikusleen zalantza guztiak erantzuteko: «ikusleen za­lan­tzak argitu eta galderak erantzunda azaltzen dut ondoen nor naizen eta zer egiten dudan». Kortazar ez da Ibai Mendiren gonbidatu bakarra izango gaur; hitzaldian izango dira baita ere Euskal Selkzioko arduraduna eta prestatzaile fisikoa, Jokin Lizeaga korrikalaria eta Oier Ariznabarreta. Hitzal­dia 19:00etan hasiko da, eta ikusleek ponentziak entzuteaz gain, nahi adina galdera egiteko aukera izango dute.

«Espero baino garaipen gehiago lortu ditut»
Errepideko duatloiak egiten hasi bazen ere, mendiak beti xarma berezia izan du Kortaza­rren­tzat, eta proba­tzeko asmoz 2008an hartu zuen parte au­rreneko mendi lasterketan. 2009ko denboraldia ondo prestatu, eta Espainiako Txapelketa irabaztea lortu zuen. Haur­du­naldia medio, urbeteko atsedenaldia hartu zuen 2010­ean, eta lasai aritzeko asmoarekin bueltatu zen 2011ko urtarrilean txapelketetara. Espero ez bezala, urte hau izan da Kortazarren onena txapelketei dagokienean, elite mailan dauden ia guztiak irabazi baititu, hala nola, Espainiako Txapelketa eta Kopa, Europako Txapelketa eta Konbinatua, Munduko Kopa... Aurrera begira berriz, lasterketa inportateak irabaztea du helburu: «asko dira garrantzitsuak diren lasterketak. Buruan asmo eta ilusio batzuk baditut, baino egutegia ikusi arte ez dut erabakirik hartuko».

2011KO PALMARESA:
l Irabazle, Espainiako Txapelketan
l Irabazle, Espainiako Kopan
l Irabazle, Lasterketa Bertikalean, Munduko Kopan
l Irabazle, Europako Txapelketan
l 2garren, Europako Lasterketa Bertikalean
l Irabazle Europako Txapelketa Konbinatuan
l Irabazle, Munduko Kopan

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!