Jon Ander Ubeda kazetaria eta musikaria: «Euskal musika sortzaileak ez dira falta, eta batzuk gainera, oso onak dira!»

Kronika - Erredakzioa 2011ko abe. 2a, 01:00

Zertan oinarritu zara aukeraketa egiterako garaian? Zergatik aukeratu dituzu disko horiek?
Hasteko eta behin gurea talde lana dela esango nuke. Nafarroako Kul­turkari elkarteak prestatzen du katalogoa eta enkargua Ma­lores Etxeberriaren eskutik jaso nuen. Batzuk eta besteak estimatzen ditudanez, atsegin handiz lagundu diet katalogoa osatzen. Oinarrizko elementuak kontuan hartu ditugu aukeraketa egiteko garaian. Ba­tetik, lurraldetasuna. Euskal Herri osoko proposamenak kontutan hartzen saiatzen gara. Bestetik, ahalegintzen gara musika joera eta estilo ezberdinak katalogoan txertatzen. Eta, azkenik, bilaketa lan berezia egiten dugu disketxe handiak, ertainak eta autoekoizpenak, bertan izan daitezen.


Aukeraketa urrirako egin behar izaten duzue. Denbora aldetik ondo moldatzen al zarete disko berrienak, hau da, azken ordukoak katalogoan sartzeko?
Ahalegin berezia egiten du­gu, ­baina ez da erraza. Hain­bat disko interesgarri sartu gabe geratu diren sentsazioarekin bukatu behar izaten da katalogoaren ekoizpen lana. Izan ere, liburuxka inprenta-makinan sartzeko orduan, hainbat diskoren portadak eta izenburuak erabakitzeko daude oraindik. Lastima!


Ze talde edo ze estilotako musika kontsumitzen da gehien?
Datu zehatzak falta zaizkit, baina orokorrean Pirritx eta Porrotx, Ken Zazpi, Berri Txa­rrak,… horiek dira gehien en­tzuten diren taldeak. Eta ka­­talogoaren helburua da, bes­­te proposamenen berri ematea, musikazaleak esku artean aukera gehiago izan dezan. Musikaria zara, hainbat taldetan ibilia, hala nola, Deabruak teilatuetan eta Bide Ertzean taldeetan. 

Nola ikusten duzu euskal musikaren egoera, gaur egun? Kan­tita­tea badagoela esan liteke, eta kalitatea?
Musika saltzailea, disketxeko kontu hartzailea, musika programatzailea,… Horien guztien kasuan nagusi izango da kezka. Luze jo dezake gaiak. Haiei galdetuz gero, musika oro har egoera txarrean dago. Krisiak jota dago Musika industria deitzen dioten hori. Niretzat, ordea, sormenari dagokionez, egoera onean da­go euskaraz egiten den musika. Bada musikagile talde bat ibilbidea egiten ari dena. Eta, zorionez, belaunaldi berriekin zerrenda handituz doa. Sortzaileak ez dira falta, eta batzuk gainera oso onak dira!


Iritzi bat badago esaten duena gaurko talde gehienak oso tankerakoak direla, ze irizten diozu? Estilo aldetik, letra aldetik....
Lasai asko geratuko zen, gainera, iritzi hori bota zuena! Belaunaldi bakoitzak bere joerak ditu. Garai batean heavy-a nagusi zen, ondoren rock-a eta metal-a, berriki hip-hop eta rap-a,… joera horien ondorioz estilo bere­tsuko taldeak sortu ohi dira entsaiatzeko lekuetan. Baina euskaraz egiten den musika, bere osotasunean kon­tuan hartuta, estilo ezberdinetakoa da. Eta berriro diot, maila handiko musika proposamenak dauzkagu. Zorionez.


Ikusi dezakegu, aukeratutako disko horietako ba­tzuk ohiko disketxeek kaleratuak direla, baina gero eta gehiago dira autoprodukzioak. Musikak bizi duen egoera ikusita, hori al da bidea? Zergatik? Ze abantaila ditu autoprodukzioak? Eta desabantailak?
Labur esanda, merkatuaren joera klasikoa oinarrian aldatu da musika entzuteko euskarriak beharrezko izateari utzi dionetik. Horrek estuasunak sortu ditu eraikitako egituratan, eta zailagoa da talde baten alde apostua egitea. Bestalde, teknologiari esker, aurkezpen disko txukun bat egin daiteke modu oso merkean. Hori guztia esanda, musikari batzuk halabeharrez autoekoizpenaren bidea har­tu dute. Baina CD bat argitaratzea erabakitzen badute, bi arazo handi dituzte: banaketa eta promozioa. Egoera zaila da denentzat. Bereziki, hasiberrientzat. Ikus­­­leari orokorrean proposamen berrietara gerturatzea kosta egiten zaio, garai batean baino gehiago.


Katalogo berria paperean eta sarean, ehunka produkturekin

200.000 ale paperean, eta interneten ‘www.katalogoa.org’

Urteko garai honetan seme-alabei edo ingurukoei euskarazko liburuak, musika edota bideoak erosi eta oparitzeko aukera paregabea izaten dela kontuan hartuz, Euskarazko Produktuen Katalogoaren edizio berria osatu dute. Beste urte batez (aurtengoa 14. edi­­zioa da), Euskal Herriko 100 bat udal eta mankomunitatetako Euskara Zerbitzuk. Euskal Herriko hainbat lurraldetako teknikariak elkarlanean aritzen dira katalogoa prestatzeko, eta, alde horretatik, ga­rran­tzi berezia dauka egitasmoak.
Aukera: berritasuna, egokitasuna eta kalitatea Gurasoentzako eta 16 urte bitarteko haur eta gazteentzako ehunka erreferentzia bil­tzen ditu edizio berri honek. Merkatuan dauden produktuen artean aukera bat egin da, berritasuna, egokitasuna eta kalitatea kontuan hartuta; eta zortzi ataletan sailkatuta jaso dira: musika, liburuak, aldizkariak, filmak, jostailu eta jokoak, DVD eta informatika produktuak, komikiak eta gurasoen­tzako produktuak. Gainera, produktu bakoitzaren gutxi gorabeherako prezioa ematen da, eta zenbait ataletan adinaren araberako banaketa egiten da. ‘Katalogoa.org’, urte osoan eguneratua www.katalogoa.org webgunean, paperean jasotako produktuez gain, merkatuan aurkitu daitezkeen beste asko agertzen dira. Aukera dago, gainera, argitaletxearen denda birtualera iristeko produktuaren gainean klik eginez eta, nahi izatera, begiz jotako produktuaren erosketa etxetik egiteko. Urte osoan zehar bizirik eta eguneratua dagoen gunea da, eta produktuak adinka, prezioka eta atalka bilatzeko aukera ematen du. Euska­razko Produktuen Katalogoa­ren webgunea urte osoan kon­tsulta daiteke, eta irakurleek, beren iruzkinak eta komentarioak egin ahal izango dituzte bertan, irakurri, ikusi, entzun edota jostatzeko hautatu duten produktuaren inguruan.
Buruntzaldean, 9.000 ale Paperezko edizioari dagokionez, aurten 200.000 ale inguru banatu dira Euskal Herri osoan eta Buruntzaldean 9.000 inguru. Banaketa, 0-16 urteko haur edo gazteren bat dagoen familia guztietara egin da, herri batzuetan ikastetxeen bidez eta beste batzuetan posta bidez. 

Gigi Quevedo eta Garikoitz Plazaola dendariak:

«Katalogoa oso baliagarria da bai gurasoentzat bai dendariontzat ere» 

Katalogoaren eragina jakiteko, eta zein produktu kontsumitzen diren ezagutzeko, Hernaniko Sebas eta Andoaingo Ernaitza liburudendetako jabeekin hitz egin dugu.

Dudarik ez dago, Euska­raz­ko Produktuen Katalogoa sor­tzeko, atzetik egindako lana se­ku­lakoa da. Mota ezberdinetako musika, filmak, liburuak, jos­­­­tailuak... biltzea, aukera­tzea... Eta gehienak, azken or­du­koak! Baina lan horrek frui­tuak ematen al ditu? Katalogoa baliagarria eta eragingarria al da? «Bai, oso baliagarria». Ha­la­xe azaldu dute Gigi Quevedo eta Gari­koitz Plazaola Herna­niko Sebas eta Andoaingo Er­nai­tza liburudendetako jabeek. «Katalogoa erreferentzia be­za­la erabiltzen dute gurasoek», azal­­du dute bi dendariek. Eta gu­­rasoentzat ba­liagarria izateaz gain, den­da­rien­tzat ere oso baliagarria dela dio­­te, «merkatuan zer dagoen jakiteko». Gaine­ra, Que­ve­dok az­­pi­marra­tu du oso positiboa de­la euskarazko produktu ez­ber­dinak eza­­gutzera emateko, «bestela be­ti­ko lau gauzak ezagutzen ditu jendeak». 

 «25 eurotik gorakoa ez da saltzen»
Bezeroek, katalogotik eskatzen duten edozer gauza ekartzeko prest baldin badira ere, dendariek aukeraketa egin behar izaten dute, lekuagatik eta diruagatik. Eta aukeraketa egiterakoan, norberak bere irizpideak erabiltzen ditu. Quevedok dio euskaraz argitaratzen den guztia ekartzen saiatzen dela, baina prezioari ere begiratzen diola. «25 eurotik beherako prezioa duten produktuak sal­tzen dira. Hortik gorakoa bueltaka geratzen da». Aurten eskulanekin zerikusia duten produktuetan zentratuko dela aurreratu du. Plazaolak ere, euskal pro­duk­t­uei ematen die lehentasuna, «eta nobedadeak ekartzen ere saiatzen naiz», dio. Batez ere, material hezitzaileen aldeko apustua egin du. Liburuen kasuan, baita ere, idazle ezagunen liburuak ekartzen dituela nabarmendu du». 

 Zer da gehien saltzen dena?
Liburuak, ipuinak, joku eta jostailuak dira batez ere saltzen diren produktuak, normalean. «Lehen musika eta DVDak asko mugitzen ziren hemen, baina internetekin gauzak asko aldatu dira», azaldu du Que­ve­­dok. «Ordenagailuek ere izan zuten arrakasta pixka bat bere garaian, baina orain ez di­ra sal­tzen. Garestiak dira». Jo­kue­tan Mihiluzek arrakasta handia du. Gazteleraz existiten diren produktuen itzulpenek ere ondo funtzionatzen dutela dio Seba­seko jabeak. Eta badira edozein motatako eta preziotako produktuak izanda ere, arazorik gabe saltzen direnak: Pirritx eta Porro­txen produktuak, hain zuzen. «Horiek ez dute ka­ta­logo beharrik!», dio Plazaolak. 

Jostailu eta joku gutxiago
Aurtengo katalogoan, joku eta jostailu berri gutxi ageri dira aurreko urteekin konparatuta. Quevedok azaldu du euskaraz ekoiztea garestia dela eta dendariei beldurra ematen diela prezio horietako produktuak ekartzeak. Ernaitzako jabearen ustez, krisiaren eraginez izan da. Plazaolak ez du uste euskarazko produktuak ekoiztea garestiagoa delako izan litekeenik. «Gaur egun, uste duguna baino alde gutxiago dago».
Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!