hamabost puntu aztertu eta bozkatu zituzten osteguneko Plenoan, eta guztiak onartu ziren. Puntu horietatik bat 2011ko aurrekontuan egindako aldaketa bat izan zen. Eta lau mozioak izan ziren, hiru Bilduk aurkeztutakoak eta bat Alderdi Jeltzalearena.
Alkatea eta bi zinegotzi, liberatuta
2011ko aurrekontuan 11. artikulua aldatzea izan zen Plenoak atzo onartutako puntuetako bat. Orain arte, Alkatea eta zinegotzi bat jornada osoz ari ziren, eta bat erdiz. Aldaketa honen ondoren, Alkatea eta bi zinegotzi ariko dira jornada osoz. Eta gehiago kobratuko dute, kalkuluetan akatsen bat omen zegoelako, urteko: Alkateak 34.790 euro eta Udalbatzako beste kideek: 29.245,86.
«Uholdeen ondorioak larriak izango dira»
Mozioei dagokienean, azaroaren 6ko uholdeetakoa izan zen aho batez onartu zen bakarra. Bertan, uholdeek egindako kalteak ekartzen dira gogora, hala nola, Karabel, Portu, Florida, Osiñaga, Fagollaga eta herriko beste hainbat auzoek jasandakoak. Baita ere industrialde eta lantegiek, eta Zubipe eta Landare kirol zelaiek sufritutakoa ere. Azkenik, gogoratzen dute urak aurrean harrapatutako guztia eraman zuela, baratza eta sagastiak esaterako: «kalteak ikaragarriak izan dira, eta oraindik zenbatze lanetan ari gara. Uholdeen ondorioak larriak izango dira, are gehiago bizi dugun egoera ekonomikoa kontuan izanda».
Horrez gain, mozioan diote Eusko Jaurlaritzak 2007an egin zuen azterketa ez dela nahikoa uholdeen eragina edo kaltea ekiditeko, eta aurtengo uholdeek azterketa zehatzago bat egin behar dela erakutsi dutela. Hori guztia kontuan izanda, mozioan onartu ziren lau puntuak hauek izan ziren:
«1) URA agentziak Urumea ibaian aurreikusitako lanak egiteko konpromisoa har dezala eskatzen dugu. 2) Hernaniko herrian egin beharreko lanak egiteko Udalarekin hitzarmena sina dezala eskatzen dugu. 3) Hernaniko Udalak herritarrei eta lantegiei laguntzeko bitartekoak eta giza baliabideak bideratzeko konpromisoa berresten du. 4) Uholdeen kalteak jasan dituzten herritarrei eta lantegiei beharrezkoak diren laguntzak bidera ditzala eskatzen diegu Espainiako Gobernua, Eusko Jaurlaritza eta Diputazioari».
Euskararen aldeko konpromisoa
Euskararen nazioarteko eguna da abenduaren 3a, eta Plenoak euskararen aldeko mozioa onartu zuen atzo, Gobernu taldearen, EAJren eta Hamaikabaten aldeko botuekin. Mozioak dio, euskaraz bizi den Euskal Herria gauza ona dela denontzat, eta aro politiko berri honetan, hizkuntz gatazka konpontzea lehentasuna dela: «herritarrok gara euskara erabiltzeko eta Euskal Herria euskalduna berrosatzeko eragile, babesle eta berme, horrenbestez, ezinbestekoa da herri gogoa indartzea. Hala, mozioan, Udalak ondorengo konpromisoak hartzen ditu:
«1) Udal honek bere esku dagoen guztia egingo du zerbitzu publikoak eskaintzen dituzten langileen euskalduntzea bultzatu eta bermatzeko. 2) Udal honek bere esku dagoen guztia egingo du bere zerbitzu publikoak eskaintzen dituzten langileen lehen hitza beti euskaraz izan dadin. 3) Udal honek bere esku dagoen guztia egingo du bere barne funtzionamendua euskaraz izan dadin. 4) Udal honek konpromisoa hartzen du gure herrian euskaraz bizitzeko eskubidea helburu duen plangintza integrala garatzeko, udalerri honetako euskal komunitateak dituen hizkuntza eskubide indibidual eta kolektiboak bermatze aldera».
Euskal Presoen eskubideen alde, bi mozio
Plenoak onartu zituen beste bi mozioak euskal presoen eskubideen aldekoak izan ziren.
Aurrenekoa Bilduk aurkeztu zuen, eta bere botuekin onartu zen. Bertan, honako puntuak onartu ziren:
«1) Udal honek, bizi dugun aukera historiko honen aurrean, Euskal Preso Politikoen eskubideen errespetua eskatzen du. Hala nola, besteak beste, dispertsioaren amaiera eta preso guztien Euskal Herriratzea, gaixotasun larriak dituzten presoen askatzea eta zigorra beteta dutenen askatzea. 2) Udal honek, datorren urtarrilaren 7an Euskal Preso Politikoen eskubideen alde burutuko den manifestaldirako deia egiten du. 3) Norabide horretan eta mobilizazio horren harira, abenduaren 16ean Udal honetako hautetsiek baraua egin eta eguerdiko 12etan kontzentrazioa burutuko dugu. 4) Gure udalerriko eragile guztiei deialdia luzatzen diegu urtarrilak 7ko mobilizazioarekin bat egin eta beronen eskutan dagoena egin dezaten bere ekimen kultural, sozial edo kirolen alorreko ordutegiak berau indartze aldera kokatu ditzaten. 5) Herritarrei deialdi zabal eta anitza luzatu nahi diegu ezberdintasun politiko guztien gainetik giza eskubideen alde urratsa eman eta herri honek inoiz ezagutu duen mobilizaziorik handiena denon artean osatu dezagun».
Ondoren, EAJk bere mozioa aurkeztu zuen, eta bere eta Hamaikabaten botoekin, eta Bilduren abstentzioarekin onartu zen. PSOEk aurka bozkatu zuen. Mozioan onartutako puntuak, hiru:
«1) ETAk Aieteko manifestuari erantzunez, behin betiko ekintza armatua utzi izana adieraztea aintzat hartzen dugu. 2) Berriro diogu beharrezkoa izango dela, adiskidetzean, aitorpenean, konpentsazioan eta biktima guztien laguntzan aurreratzea, sortutako mina aitortuz eta pertsonen eta gizartearen zauriak sendatzen lagunduz. 3) Euskal presoak jasaten ari diren bere oinarrizko eskubideen urraketen aurrean, Eusko Legebiltzarrak, 2006ko urriaren 6an, euskal presoen eskubideen defentsarako konpromisoari buruz onartutakoa, berresten du».