Feri Eguna izan zen atzo Goizuetan eta urtetik urtera indartzen ari dela argi geratu da. Jendetza bildu zen bertan eta asko eta asko izan ziren hernaniarrak. Jendea bezala, postuak ere ugari. Denetariko produktuak izan ziren aukeran: eztia, gazta, esnea, intxaurrak, gaztainak, arropa, pitxiak, zintzarriak... Artisauak ere lanean ikusi ahal izan ziren, artilea lantzen, harria tailatzen... Aziendan, berriz, txerriak, basurdeak, oiloak, behorrak, ahuntzak... Eta noski, Goizuetan hain garrantzitsuak diren betizuak. Aizkolariek ere jarri zuten saltsa eguerdi partean: Barrenetxea-Pagola eta Larra-Paolla lehiatu ziren eta gutxigatik izan bazen ere, azken biak nagusitu ziren. Bazkari eta erromeriarekin luzatu zuten eguna.
Txondorrak, ikusmina
30 urte eta gero, txondorra egin dute berriz Goizuetan eta ikusmin haundia sortu zuen atzo. Gainera, bere inguruan, zagi dantza egin zuten bazkalaurretik, txondorra egiten aritu diren herritarrak.
Txondorra ostiral ilunabarrean piztu zuten eta ekitaldia jendetsua eta hunkigarria izan dela azaldu dute. Orain, 15 bat egunez piztuta mantenduko dute, ikatza egiteko.