bost kide berri izango dira Aranoko Udalean, datozen lau urteetan. Ainhoa Ansa Zugarramurdi Alkate, eta beste lau kide, taldea osatzeko: Xabier Legarreta Etxarri, Joxan Ruiz Miner, Maitane Sarobe Olaetxea eta Maider Ansa Zugarramurdi. Iñigo Larrea orain arteko Alkateak datorren abenduaren 10ean emango dio Ansari Alkate-makila. Talde berria ilusioz dago lanari ekiteko, eta Kronikari azaldu dizkiote euren proiektuak. Nagusia, bat: frontoi estalia egitea. «Orain arteko Udal guztiek ere prioritate bera izan dute, eta haiek aurreratu duten lanari segituko diogu guk».
Turismoa bultzatu,
zerbitzuak... proiektu ugari
Talde berriak, ilusio berriak. Hainbat ideia darabilzkite bost kideek, datozen lau urteetarako, eta aurrekoek egindako lana ere azpimarratu dute: «azken 12 urteetan egon den taldeak gauza asko egin ditu, eta hainbat gaietan, haien lanari jarraituko diogu guk: deposito berria egin da herriarentzat, Suro auzora ura eraman, hilerria haunditu, udaletxea berritu, haurren parkea... mendian ere landare asko sartu da, pagoa, haritza, eta frontoia egiteko ere asko borrokatu dute», dio Ainhoa Ansak. «Guk, haien lanari segiko diogu, eta asmo berriak ere baditugu». Turismoa bultzatzea da horietako bat. Aranok aukera dezentekoa ematen omen du turismorako, eta hori aprobetxatzen saiatu nahi dute: «agroturismo bat ireki dute Aranon (Bixargorri), eta hori bezala, potentzial haundia du herriak: cromlechak, ondare naturala, kulturala...».
Mankomunitatearekin harremana sendotu nahi du talde berriak: zerbitzu sozialak nola dauden ikusi, eta hobetu, ahal dela. Pendiente dauden beste proiektuak ere aipatu dituzte: zerbezerian egiten ari diren fabrika berria, etxebizitza proiektua... Eta azkenik, etorkizunean ere inbertitu nahi omen dute: kultur etxea, ludoteka, liburutegia... Talde berriak ez du falta, ez lanik, eta gogorik.