‘Gerrikoa estutu’ beharko du Diputazioak datorren urtean

Kronika - Erredakzioa 2011ko aza. 27a, 01:00

Aurten baino 124 miloi euro gutxiago (%13,3) izango ditu Diputazioak gastatzeko 2012an. Lehenengo neurria, inbertsio haundirik ez egitea.

Krisi garaian gaude, eta Gipuzkoako Di­putazioak ere gerrikoa estutu beharko duela adierazi zuen joan den astean Martin Gari­tano Diputatu Nagusiak, Her­nanin. Ez nolanahi estutu gainera. Datorren urtean, %13,3 jaitsiko du aurrekontua Diputazioak eta 124 miloi euro gutxiago izango ditu gastatzeko. Aurreko gobernuak aurreikusita zituen inbertsio haundienak alde batera utziko ditu momentuz, eta gehiago ez zorpetzea erabaki du «justu-justua, orain daukagun zorra amor­tizatzeko». 2012rako Au­rreikusi dutenez, Diputa­zioa­ren zergabilketak %4ko igoera izango du. Horretaz gain, hainbat neurri fiskal proposatu dira eta horien emaitzak 2013ko zergabilketan ikusiko dira (Onda­rea­ren gaineko zerga berriz jartzea eta abar). Sandiusterri aretora 120 lagun inguratu ziren joan den ostiralean, bailara guztitik etorriak. Diputazioko ordezkarien azalpenak entzun ondoren, euren kezkak azaldu zituzten herritarrek.

«Zuhur jokatu beharra»
Martin Garitanok azaldu zuenez, zuhur jokatu beharra dauka Diputazioak, krisi egoera larria delako, benetan. Egoera ekonomikoa ez dela lehengora bueltatuko seguruenik, eta igual benetako errealitatea oraingoa dela ere azaldu zuen. Orokorrean, familiak, enpresak, erakundeak... denak bizi izan garela gehiegizko maileguak eskatu eta benetakoa ez zen aberastasun sentsazio batekin, eta orain egoera berrira egokitu beharra dagoela. Hala ere, errealitate berrira egokitu behar izanda ere, Euskal Herria ez dela pobrea azaldu zuen, eta egoera honetara moldatu behar dugula. Orain arte egindako politika orokorra kritikatu zuen, eta baita aurreko gobernuak egindakoa ere «aberatsenak aberasteko politikak egin dira, eta proiektu haundiei garrantzia eman zaie, zementuan oinarrituta, eta ez politika sozialetan». Politika horrek, Diputazioa egoera kaxkarrean utzi omen du, «zorra inoiz baino haundiagoa delako (568 miloi euro) eta ahorratutakoa oso gutxi (72 miloi euro).

Diru gehiago: Gizarte Politikari, euskerari...
Diputazioak diru gutxiago gastatuko du inbertsio haundietan, eta orokorrean ia alor guztietan. Badira atal batzuk, hala ere, diru gehiago jasoko dutenak: Gizarte Politika orokorrean, eta euskera, herritarren parte hartzea, berdintasuna eta inmigrazioa. «Benetan garrantzitsuak irudi­tzen zaizkigulako, gai horiek».

Hurrengo urtean, aurrekontu partehartzaileak
Aurten denbora faltagatik Diputazioak bere kasa egin ditu aurrekontuak, baina datorren urtean herritarrekin egiteko asmoa azaldu zuten.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!