«Aurkitzen ditudan poto guztiekin nabil argazki kamerak egiten»

Kronika - Erredakzioa 2011ko aza. 27a, 01:00

Nagore Legarreta (Hernani, 1981) argazkilaria da. Leioako Unibertsitatean Ikus-entzunezko Komunikazioa ikasi eta gero, argazkigintzan bilatu du gotorleku. Kronikan argazkilari lanetan ibili ondoren, bi urte daramatza pote eta kutxez egindako kamera primitiboak erabiltzen. `Edipotoa´ izeneko liburu bat kaleratuko du iristear dagoen Durangoko Azokan.

Ander Egaña

Zerk bultzatu zintuen argazkigintzaren mundura?
Betidanik gustatu izan zaizkit gauza kreatiboak. Uniberts­i­tatean karrera bukatu eta gero Hernaniko Kronikan hasi nin­tzen lanean. Bertan, kamera bat eskuetan jarri zidaten, herrian gertatzen ziren gauzen jarraipena egiteko. Hortik aurrera hasi nintzen argazki kameraren funtzionamenduan sakon­tzen. Aitari kamera lapurtu eta nire argazkiak egiten hasi nintzen. Orduz geroztik ez naiz kameratik banandu.


Argazkigintzaren munduan bakarrik hasi zinen edo nolabaiteko laguntza izan zenuen?
Kronikan hasi nintzen. Bertan, nire lankide zirenak zenbait kontseilu eman zizkidaten argazkilaritzari buruz, hala ere, lehenengo bultzada Marisol Yaben-ek eman zidan. Zenbait klase eman zizkidan eta zenbait tailerretan sartu ginen batera. Ez dut ahaztu nahi Foto­forum elkartea. Beraiekin ere gauza asko ikasi nituen. Orain dakidan gehiena hiru iturri hauei zor diet.


Zein izaten da zure inspirazio nagusia argazkiak egiterako orduan?
Hasieran argazkiak pentsatu gabe egiten nituen baina une bat iristen zen non argazki horiek jada ez zidaten ezer betetzen. Ordutik aurrera gai bat aukeratzen saiatzen naiz lehenengo. Niretzako lan zailena esan nahi dudana erabaki­tzea da. Hilabeteak igarotzen ditut hurrengo serierako ideiak aukeratzen.


Zertan zabiltza orain?
Argazkigintzaren munduan erabat murgilduta nabil. Argazkilaritza digitalari bu­ruz­ko klaseak ematen ditut, Hernaniko, Astigarragako eta Urnietako Kultur Etxeetan. Tarteka enkarguak egiten ditut ere, baina batez ere, azken bi urteetan, teknika berezi batekin lan egiten ari naiz: kamera estenopeika.


Argazkigintzan bakarrik lan egiten duzu ala zerbait gehiago egiten duzu?
Orain gehienbat klaseak ematetik eta argazkiak egitetik bizi naiz. Lan honetan uneoro egon behar duzu lana bilatzen, bestela esanda, ez da etxera etortzen zaizun lan bat. Zerbait nahi baduzu, alde batera eta bestera ibili behar zara hori lortzeko.


Kamera berezi batekin lan egiten duzula entzun dut.
Klaseak eta enkarguak kamera digitalarekin egiten ditut. Hala ere, 2009an tailertxo bat eman nuen Fotoforum izeneko Hernaniko argazkilari elkartean. Bertan, Alberto Gago izeneko bazkide donostiar batek teknika nahiko berezia erakutsi zigun. Teknika hori, Illan Wolf argazkilari israeldarraren argazkiak ikusiz ikasi genuen. Argaki horiek kamera berezi batekin egiten ziren. Honen izena, Kamera Estenopeika da eta oso interesgarria da.


Nolako kamera da?
Edozein ontzirekin egin deza­ke­zun argazki kamera da. Tek­ni­ka oso primitiboa da. Hain sinplea eta hain magikoa da, zeharo engantxatu ninduela. Iku­sita nora iritsi zintezkeen tek­nika honekin harrituta geratu nin­tzen, eta probatzea erabaki nuen. Azken finean kamera di­gitalen antzeko funtziona­men­dua daukate, baino estenopeikarekin zuk egiten duzu lan guztia.


Lehendik entzunda zenuen kamera estenopeikaren teknika?
Bai, lehendik entzunda neukan zerbait, baino hain ikusgarria iruditzen zait, azken bi urte hauetan kamera honekin ibili naizela jo eta ke argazkiak ateratzen. Zuk nahi duzun moduko kamera sortu dezakezu. Erabat txoratzen nau.


Etxean beraz potoak edateko baina zerbait gehiagorako erabiltzen dituzue.
Dudarik gabe. Azken urte honetan aurkitzen ditudan poto guztiekin nabil argazki kamerak egiten. Edozeinek egin dezake bere etxean. Orain dela gutxi, hamabi urteko gaztetxoekin egon nintzen kamera estenopeika egiten, tailer batean. Oso teknika sinplea da. Gainera, etxean aitak laguntza handia ematen dit. Oso trebea da horrelako lanak egiten. Alde horretatik zorte han­dia daukat. Niretzako emo­­zio handiagoa dauka ka­me­ra nola egingo deten pen­tsatzeak, gero emaitza ikusteak baino. Batzuetan bere jolasak asmatzen dituen ume txiki bat bezala sentitzen naiz.


Tomate potez egindako kamerak komertzializatea pentsatu al duzu noizbait?
Ez zait ideia hori inoiz burutik pasa. Pena bat izango litzateke, azken finean, kamera hauek duten gauzarik politena zuk etxean egin ditzazkezula da, eta hauek saltzeak, muntatzeko bizitasun hori kenduko lioke.


Gaur egun dagoen teknologia pilarekin, kamera estenopeikaren metodoa ez zaizu atzerakoia iruditzen?
Ez du zertan. Gaur egun dena dago modan. Irudi digital oso onak daude, baino aldi berean antzinako irudiak gustuko duen jende asko dago ere. Espektrua oso zabala da, izan ere, jendeari asko erakartzen dio oraindik kamera estenopeikak. Nahiz eta teknika oso zaharra izan, jendeari azaltzean poto batekin kamera bat egin daitekeela, oraindik ere txundituta geratzen dira. Ordiziako azokan adibidez, kamera horrekin argazkiak ateratzen ari nin­tzen eta herriko gizon bat hurbildu eta honakoa esan zidan: «Hori zer da, gaztainak erretzeko danbolin bat?»


Liburu bat kaleratzera zoaz.
Bai, azken bi urte hauetan estenopeikarekin argazki pila atera ditudanez, serie edo gai zehatz batzuk osatzeari ekin nion. Dagoeneko, bi serie dauzkat nahiko osatuak eta Bilboko Banizu Nizuke argitaletxeak nire argazkiak ikusi eta hainbeste gustatu zitzaizkien, liburu bat argitaratzeko ideia proposatu zidatela. Libu­ruaren izenburua `Edipotoa´ da eta bertan, lau bat atal edo serie egongo dira. Guztira, 60 bat argazki ditu, eta serie bakoitzean pertsona batek testutxo bat idatzi du.

Noiz argitaratuko da?
Durangoko Azokan argitaratuko da, abenduaren 4tik 8ra bitartean. Gauzak azoka honetara begira egiten dira, oso azoka potentea delako gauzak saltzeko eta liburua ezagutzera emateko.

Zure argazkiak Donostiako zenbait Taberna eta jatetxeetan aurkitu daitezke.
Bai, zorionez  jatetxe eta tabernak dauzkaten lagunak dauzkat. Beraiek proposatu zidaten argazkiak euren tabernetako paretetan zintzilikatzea. Orain, erakusketa bakarra daukat jarrita Sagües auzoko Warung izeneko tabernan. Argazki seriea Hondartza deitzen da, eta bertan, liburuan aurkituko diren argazki batzuk daude zintzilikaturik. Hamaika koadro daude guztira, eta hauek abenduaren erdialdera arte egongo dira ikusgai.

Eta koadro horiek salgai al daude?
Nire helburua ez da koadro horiek saltzea. Betidanik beldurra eduki det koadroei prezioa ezartzerako orduan, hala ere, dirua nolabait berreskuratu behar dut, beraz baten batek koadroa erosi nahi balu ez nioke ezetzik esango. Azken finean, irudiak inprimatzea eta abar gastu handia suposatzen du, eta dena nire poltsikotik ordaintzen dudanez, batzuetan ez dator gaizki diru pixka bat.

Erakusketak Euskal Herri mailan egiten dituzu soilik ala eremu honetatik kanpo ere egiten dituzu?
Momentuz egin ditudan erakusketak Hernanin eta Donostian izan dira. Hala ere, gustatuko litzaidake egunen baten mugak irekitzea.

Sarean ere zure lanak ikusi ditzazkegu?
Bai, web orrialde bat egin dut orain dela gutxi: www.nlegarreta.zzl.org. Bertan estenopeika serie dezente eta egin ditudan enkarguak aurki daitezke.

Normalean enkarguz egiten duzu lana?
Orokorrean hiru arlotan egiten dut lana. Batetik klaseak ematen ditut arratsaldetan. Bestetik, nire lan pertsonalak egiten ditut, batez ere, potoen teknikarekin, eta azkenik,  jendearen enkarguak jasotzen ditut.

Kamera analogiko eta digitalaren artean zeinekin geratzen zara?
Ez nuke bat edo bestea aukeratuko. Orain bi muturrekin lan egiten ari naiz. Mundu digitalean oso jarrita nago. Photoshop programa dezente erabiltzen dut eta uneoro ari naiz ikasten, baina aldi berean, kamera estenopeikarekin erabat txundituta nago, beraz bi mutur horiekin jokatzea gustatzen zait. Hala ere, egia da estenopeikatik ateratzen diren argazkien egitura, azaltzen diren puntuak eta abar izugarri txoratzen nautela. Baino mundu aurrerakoi batean gaude, eta  enkarguak azkar egin behar dituzu.

Zein motatako gaiak lantzen dituzu zure argazkietan?
Azken bi urteetan egindako argazkiak, estenopeikarekin egindakoak dira. Lehenda­biziko seriea azokei buruzkoa izan zen. Marokora abiatu nintzen bertako azokei argazkiak ateratzeko, eta  oso esperientzia polita izan zen. Jen­dearen mugimenduak itxu­ra bitxia ematen zien argazkiei, eta lan berdinarekin jarraitzea erabaki nuen Gipuzkoako azoketan. Bigarren serie bat egin nuen ere, hau hondartzei buruz. Poteak argi asko behar du argazkia ondo ateratzeko eta Euskal Herrian hondartza asko ditugunez, gai egokia iruditu zitzaidan.

Argazkilari hasiberri bati zein aholku emango zenioke?
Ni ez naiz inor aholkuak emateko, baina niri funtzionatu didan gauza bat,  argazkigin­tzarako dudan pasioa izan da. Hau da, gauzak pasioz egin behar dituzu.  Gauza kreatiboak gustatzen bazaizkizu gauza kreatiboak egin itzazu. Horrekin egin behar da aurrera, beste guztia horren atzetik dator automatikoki.

Zenbat proiektu dituzu datorren urterako?
Momentuz bi proiektu dauzkat buruan. Sagardo denboraldia hasi aurretik, hau da, abenduaren erdialdetik urtarrilaren erdialdera, Kitto tabernan jarri nahi ditut nire koadroak. Oraindik ez da erakusketarik egin bertan, eta oso leku ona iruditzen zait nire argazkiak jartzeko. Tilosetatik Biteritik baino jende gehiago pasatzen da eta iruditzen zait nahiko leku potentea izan daitekeela. Gero, otsailean Irunen jarriko ditut nire argazkiak.

Zer nolako argazkigintza maila ikusten duzu Hernanin?
Hemen Hernanin, Fotofo­rum argazki elkartea daukagu Ave Maria eraikinean. Herri honetan, argazkizalea bazara, badaukazu norekin hitz egin, elkartu eta ikasi, eta hori oso aberasgarria iruditzen zait. Nik adibidez, horrela ikasi dut dakidan gehiena. Kamera estenopeikarena adibidez, Hernanin ikasi nuen, beraz, zaletasun handia dagoela esango nuke.

Inoiz Hernaniko parajeak erabili al dituzu  eredu gisa?
Hori da nire erronkarik handiena. Ni Hernanikoa naiz eta bertan pasatzen dut denbora gehien. Hala ere, dauzkaten argazki gehienak Ordiziko eta Tolosako azokenak eta Donostiako hondartzenak dira.  Gogo asko dut behingoz  Hernaniri buruzko argazki serie bat egiteko. Tilosetako argazki nahiko bitxiak dauzkat, hala ere ez diet jarraipenik egin argazki horiei, eta bere horretan geratu dira.

Kronikan lan egiteak mundu honetan murgiltzera lagundu al zizun?
Kronikan oso gaztetan hasi nintzen lanean, eta bertan sei urtez aritzea oso baliagarria izan zen. Jendearekin erlazionatzeko aukera eman zidan, kontaktu asko edukitzeko aukera eta abar. Bertan ere, mugitzea zer zen ikasi nuen. Hau da, argazkiak atera behar banituen, ez nintzen etxean eserita gelditzen. Azken finean, lana zurera etorriko dela espero baduzu oker zabiltza. Mugitu behar zara irudi horien  bila, informazioa jaso eta abar. Bertan lan egiteak Unibertsitatean egotea baino baliagarriagoa suertatu zait.

Etorkizunean non ikusten duzu zure burua?
Ezin det imajinatu non bukatuko dudan. Momentuz gustora nago klaseak ematen eta argazkiak ateratzen.   Espero dut urte asko  argazkigintzaren munduari lotuta egotea. Hala ere, ezin dut esan bizitza guztia argazkigintzari lotuta pasako dudanik.

Prozesua

1.- Kaxa edo ontzi bat hartu eta  ondo tapatu argia ez sartzeko.
2.-  Zulo txiki bat egin.
3.- Paper fotografikoa sartu  ontzi edo kaxa horren barruan ilunpetan eta itxi.
4.- Atera nahi duzun elementuaren aurrean  kamera jarri eta zuloa destapatu. Argia sartuko da barrura eta paper- ak xurgatu egingo du sartzen den argi kopurua.
5-  30 segundu igarotzen direnean zuloa itxi eta laborategira joan. Bertan, hartutako irudiaren negatiboa aterako zaizu.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!