Miguel Mari Lasa Euskal Herriko Sagardo Gorenak-eko lehendakaria eta Joxe Mari Aizega Basque Culinary Centerreko zuzendaria pozik agertu ziren ostiralean, prentsaurrean, bi alderdien arteko hitzarmena sinatu zutenean. Urtebeteko hitzarmena sinatu zuten, luzatu daitekeena, «euskal sagardoaren eta gastronomiaren inguruko sinergiak sortzeko». Bi aldeek, ikerketa proiektu eta programa bateratuak landuko dituzte, bien intereseko arlo zientifikoetan, eta elkarlanean ariko dira prestakuntza-programetan. Lasak, Gorenak osatzen duten 13 sagardotegiren izenean azaldu zuen, gustora eta pozik daudela Gorenak Basque Culinary Center-en sagardo ofiziala izango delako. «Unibertsitatean sagardoa behar den guztietan, gurea erabiliko dute». Eta azpimarratu zuen: «Sagardoa munduan zabaltzeko aukera emango du hitzarmen honek. Emaitza onak emango ditu eta pozgarria da guretzat eta sagardo gorena nahi duten guztientzat». 13 sagardotegi horien artean dira Hernaniko Zelaia, Altzueta eta Olaizola.
«Bide baten hasiera»
BCCko zuzendariak, hitzarmena oso garrantzitsua dela nabarmendu zuen. «Euskal Herrian, sagardoa produktu izarretako bat da eta ni hernaniarra izaki barru barruan daramat sagardoaren kultura eta berri pozgarria da hitzarmen hau. Sagardoa eta gastronomia gehiago lotzea ekarriko du; horren alde egingo dugu lan. Bide baten hasiera da».