Tiroz bota dute liztor asiatikoaren kabi bat Urruzuno bailaran (Ugaldetxo eta Olazartik gora). Atzo zortzi bota zuten kabia, bailarako ehiztariek, bertako erlazainek hala eskatuta. Izan ere, liztor honek kalte haundiak eragin ditzake erlauntzetan, Frantzian azken urteetan erakutsi duen bezala, eta aurre egiteko moduetako bat da, kabia bilatu eta suntsitzea. Liztor hori zabaltzen ari da Europan, Frantziatik abiatuta, eta leku askotan ari dira gomendatzen, ehiztariek tiroz botatzeko kabiak, bestela iritsi ezin den lekuetan.
Urruzunotik gora, Paulino Beasainek bilatu zuen kabia, inguruan den basurde-arrasto bilatzailerik haundienetako batek. Jexux Aranburu erlazainarekin hitz egin, eta hark hitz egin zuen bailarako ehiztariekin, bestela inola ere ez baitzegoen kabira iristerik. Azaroaren 19an bildu ziren ehiztariak, eta ilun-bistan egin zuten lana. Joxe Inazio Otxotorenak bidali dio Kronikari bideoa, gertaera ederki asko erakusten duena.
Liztor asiatikoa edo Vespa Velutina Nigrotorax, orain dela bi urte sartu zen Gipuzkoara, iparraldetik, eta orduz geroztik izugarri zabaldu da Gipuzkoa osoan, Nafarroan, eta beste hainbat lekutan. Frantzian sei bat urte daramazkite liztor asiatikoarekin bizitzen, Asiako egur-karga batean bertara sartu zenetik. Kalte-ekonomiko haundiak eragin dizkie liztorrak bertako erlazainei, eultza batzuk erdira ekartzen baititu, edo okerrago. Erleak jaten ditu liztor honek, eta horrek eragiten dien izuak eta estresak ez die behar bezala lan egiten uzten langileei. Erremedio erabatekorik ez dute oraindik asmatu, eta bitartean, ahal bezala eutsi behar harrapakari honi. Frantzian, eskuera ez dauden lekuetan, ehiztariak ari dira kabiak botatzen. Halaxe gomendatzen du, adibidez, Bernadette Darchen zientzialari frantsesak, elkarrizketa batean. Darchenek 71 urte ditu, eta Frantzian erleez eta xomorroez gehien dakiten zientzialarietako bat da:
Bernadette Darchen: «Erlazain asko ehiztariak ere badirenez, kabiak suntsitzeko modu bat antolatu dute orain artean oso emaitza onak eskaini dituena. Hona: perdigoi xeheko kartutxoekin egin tiro kabiari, txiki-txiki eginda lurrera bota arte. Hori lortzeko 4-9 eskopeta behar dira elkarrekin tiroka, ehiztari koadrila. Berrogei kartutxo behar izaten dira; ez da beraz, bromako kontua. Ezin da egin ehiza baimenduta ez dagoenean, eta arriskurik ez dagoen tokietan egin behar da. J. Quintois erlazain-ehiztariak 2009an 60 kabi birrindu zituen bere koadrilarekin; batere istripurik gabe».
(Iturria: elkarrizketa zatia www.argia.com helbidean lortu dugu, Pello Zubiriak erlazaintzari buruz argitaratzen duen blogean).