Emakumeenganako Indarkeriaren aurkako Nazioarteko Eguna da gaur, eta Hernaniko Udalak indarkeria matxistaren aurka lanean jarraitzeko konpromisoa hartu du, «gure Udalerrian ere irauten duen gaitza baita». Eta gaineratu du: «Emakumeen kontrako indarkeria gure herriko arazo sozio-politiko nagusia da». Hainbat datu nabarmendu ditu azaldutakoaren harira: «2011a hasi zenetik 7 emakume erail dituzte Euskal Herrian eta milaka dira komunikabideen bitartez jasotzen ditugun kasuak. Eraso sexisten inguruko gertakariak eta salaketak egunero entzun ohi ditugun elementuak dira. Herriko jaietan edota jai eremuetan emakumeen askatasuna baldintzatu eta eraso sexistak areagotzen dira. Lan eremuan gertatzen diren sexu erasoen datuak kezkatzekoak dira. Gazteriaren artean sexuen arteko botere harremanak eta balore patriarkalak iraunarazteaz gain, mutil askok nesken kontrako indarkeria ere baliatzen dute».
«Hitzetatik ekintzetara»
Emakumeen aurkako indarkeriari aurre egiteko, instituzioen aldetik benetako konpromiso politikoa beharrezkoa dela dio Udalak eta mota askotako neurriak hartuko ditu, besteak beste: heziketan oinarritutako prebentzio neurriak, eraso baten ondorengo neurri asistentzialak edota erantzun soziala artikulatzea.
Horrez gain, konpromisoa hartzen du, «emakumeenganako indarkeriaren aurkako udal politika aktibo, osoa eta koordinatua garatzeko, hitzetik ekintzetara pasatuz».
Kontzentrazioan
parte hartzeko deia
Emakumeenganako Indarkeriaren aurkako Nazioarteko Eguna dela eta, kontzentrazioa deitu dute Udaleko Berdintasun Kontseiluak eta Txoko Feministak, gaur 19:30etan Plaza Berrin. Herritar guztiei gonbitea luzatu diete kontzentrazioan parte hartzeko.
Berdintasuna lantzeko,
antzerkia astelehenean
Gaurko egunaren harira, Berdintasun Kontseiluak eta Berdintasun Sailak antzerki foruma antolatu dute datorren astelehenean, 19:00etan Biterin: Comprimidos: ¿Por qué los hombres estamos comprimidos? Gazteleraz izango da. Ez da sarrerarik hartu behar, baina aforo mugatua izango da.
On:Giz Elkarteak aurkeztutako antzerki-foruma da. Elkarte honek emakumeen eta gizonen arteko berdintasunaren alde egiten du lan. Antzerkia eta forumaren bidez, maskulinotasun sexistaren eraikuntzaz eta honek dituen ondorioez egin nahi da gogoeta. Herritar guztiei dago zuzendua, baina bereziki gizonezkoei luzatu diete gonbitea.