Fernando Larruquertek 1978an filmatutako Euskal Herri-Musika dokumentala jarriko dute bihar arratsaldeko 20:00etan Biterin, Hernani´n Musik ekimenaren barruan. Sarrerak debalde dira, eta aforoa bete arte daude aukeran Biteri kultur etxean.
Dokumentala herri musikari buruz egin den ezagun eta ospetsuenetakoa da. Filmatu zenean, helburua, galtzeko bidean zegoen ondare aberatsa jaso, eta ondorengo belaunaldiei ezagutaraztea zen. Hala, 68 minututan, lanaren eta musikaren arteko harremanak azaltzen dira, hala nola, arrantzale eta baserritarren bizitza eta doinuak, kobazuloetako oihuak, kantuak eta bertsolaritza.
Mahaingurua, ondoren
Proiekzioa bukatuta, mahai-ingurua egingo da luxuzko hiru solaskiderekin: Fernando Larruquert zuzendaria, Juanmari Beltran eta Txomin Artolarekin.
Umeentzat ere, goizean
Goizean lau ikastetxeetako ikasleentzako bi proiekzio jarriko dituzte: bat, 09:00etan eta bigarrena 11:00etan.