Funtzionarioari euskeraz egin eta berak gaztelaniaz erantzun al dizu?

Kronika - Erredakzioa 2011ko aza. 23a, 01:00

Halako kasuetarako, hau da, herritarrek Udalarekin izan dituzten esperientzien berri emateko, kexak adierazteko, proposamenak egiteko... ‘Zuk esan!’ bloga sortu dute Buruntzaldeko 6 Udalek.

Udalak eskainitako zerbi­tzu batean (udaletxean, kiroldegian, kultur etxean...) sentitu al duzu zure hizkun­tza eskubideak urratuak izan direla? Funtzionarioari euskeraz egin eta berak gaztelaniaz erantzun al dizu? Gertatu al zaizu euskeraz jaso duzun informazioa ulergarria ez izatea? Zer egin duzu horrelakoetan? Kasu horien berri izateko, Zuk esan! izeneko bloga jarri dute martxan Buruntzaldeko 6 Udalek (Andoain, Astigarra­ga, Hernani, Lasarte, Usurbil eta Urnieta). Blog horren bidez, herritarrek aukera izango dute Udalarekin izan dituzten esperientzien berri emateko, kexak azaltzeko, proposamenak egiteko... Betiere, kontuan hartuta, hizkuntzaren ingurukoak izan beharko dutela.

‘Buruntzaldea.org’ web orria gero eta osatuago
Dagoeneko urte batzuk pasa dira buruntzaldea.org web orria martxan jarri zutenetik Buruntzaldeko 6 Udalek. Ber­­tan, Buruntzaldeko herritarrentzat erabilgarria den euskera zein kirol arloko in­for­mazioa azaltzen da. Uda­lek sortu duten tresna hau oso erabilgarria da herritarrek Uda­lekin dituzten har­re­ma­netan hizkuntzaren in­gu­ruko kezkak, arazoak... plan­tea­tze­ko. Eta bide horretan, gehiago sakontzeko as­moz gehitu diote web orriari Zuk esan! bloga. Helbidea: http://euskara.buruntzaldea.org/euskara/zuretzat-bereziki/zuk-esan/

«Herritarren kexak ezagutu eta irtenbide bat eman nahi diegu»

Zein da sortu berri duzuen blogaren helburua?
Orain arte ez zegoen gunerik Udalaren eta herritarren arteko komunikazioan hizkuntzarekin izaten diren gorabeheren berri emateko, eta http://euskara.buruntzaldea.org web orriak horretarako aukera ematen duela konturatu gara. Hori aprobe­txatu nahi izan dugu.
Udalaren eta herritarren arteko komunikazioa errazteko asmoz, egoera batzuk jarriko ditugu blogean eta herritarrek iruzkinak egin ahal izango dituzte.

Herritarrek azaltzen al dituzte hizkuntzari buruzko kexak?
Euskeraz ez dakiten herritarrek berehala adierazten dute euskeraz ez dakitela eta gaztelaniaz jaso nahi dutela zerbitzua; euskaldunek, ordea, gutxiago. Baliteke batzuek ez jakitea, euskeraz atendituak izateko eskubidea dutela eta horregatik kexa gutxi egitea.


Herritarren iruzkinek izango al dute jarraipenik?
Horixe da gure asmoa, he­rrita­rren iruzkinak, kexak ezagutu eta horiei irtenbide bat ematea.
Udalak bere zerbitzua hobetu nahi du eta horretarako herritarren parte-hartzea ezinbestekoa da. Hori lortzeko modu bat teknologia berriek ematen digute, tresna egokia baita komunikazioa modu erraz eta arinean egiteko. Beraz, herritar guztiak animatu nahi ditugu blogean sartu eta parte hartzera.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!