Umeek euskerazko aisialdiaz gozatzeko aukera, Gabonetan

Kronika - Erredakzioa 2011ko aza. 20a, 01:00

Hernaniko haurrek, udaran Udaleku irekiak izaten dituzten bezala, Negulekuak izango dituzte neguko oporraldian zehar, Dobera Euskara Elkarteak antolatuta. Hain zu­zen, Gabonetan, abenduaren 26tik 30era eta urtarrilaren 2tik 5era, izango dira Negulekuak, Hernanin. Bertan, umeek aukera izango dute euskerazko aisialdiaz gozatzeko. Lehenengo aldia da Doberak halako zerbitzua eskaintzen duela eta Nagore Zubeldia arduradunaren esanetan, «garrantzitsua iruditu zaigu haurrei begira halako zerbitzu bat eskaintzea, euskeraren erabileran eragiteko, eta haurren harreman sarea euskalduntzeko». Argi utzi du helburua ez dela aisialdi zerbitzua eskaintzea soilik: «harreman sarea osatzen duten lagunen arteko komunikaziorako tresna euskera izatea da Dobera Euskara Elkartearen helburua».

Adina: 4-9 urte
2002 eta 2007 urte bitartean jaiotako haurrei daude zuzenduta Negulekuak. Eta adinaren arabera, hiru taldetan banatuko dituzte. Jolasak, ipuin kontaketak, eskulanak, antzerkia... denetik egingo dute. Hori guztia, goizez, 09:00etatik 13:00etara. Izena emateko orria ikas­te­txeetan banatu da eta Dobe­ran ere lortu daiteke (Larra­men­di 11, behea). Aben­duaren 14a baino lehen eman behar da orria Doberan entregatuta. Prezioak: 40 euro Doberako bazkideek eta 50 euro gainerakoek. Informazio gehiago: 934 33 27 99 edo 688 660 707.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!