Sagastialde elkartea bete egin zen ostiralean, elkarteen arteko lehenengo bertso lehiarekin gozatzeko
beñat Gaztelumendi eta Agin Rezola iritsi ziren bukaerara, buruz burukora, eta Gaztelumendik irabazi; Karobi elkarteak jantzi du lehendabiziko txapela, ondo merezia, elkarte arteko bertso txapelketan. Xalaparta, bigarren.
Hamar bertsolarik hartu zuten parte, bederatzi elkarteren izenean. Giro ederrean aritu ziren bertsolariak, elkarteko giroak ematen duen patxadan. Bai eskertu ere, bertsolarien txispa, haretxen bila joandako 60 herritarrek.
Gaztelumendi zaharra eta gaztea, Rezola, Urdangarin, Zelaia, Osa, Agirre, Zerain, Lasarte, eta Iurramendi, aritu ziren bertsotan. Orden horretan, elkarteak: Karobi, Txantxangorri, Xalaparta, Sagastialde, Peña Otaño (bi), Santa Barbara, Ur-Mia, Elur Txori eta Etxeberri.
Asko joan ziren onak, baina bertso onena, Gaztelumendi txapeldunak ez, bere anai gazteak bota zion, Unaiek, Birziklatzea gaiari: Hernanin ere bururatu zen, zabor bilketa jartzea/ eta ni hemen entrenatzen naiz, ia hau daukat etxea/ eta nik ere probatu nuen, txapelketaren trantzea/ azkenerako poto egin nun, hura zan mala-letxea!/ poto bat zer da azken batean? errima birziklatzea.
Sagastialde elkarteak antolatu du txapelketa, Iraulio Panttalone bertso eskolaren laguntzarekin. Izandako arrakasta ikusita, ez ote da behintzat, azkena izango!
Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!