hernaniarren artean hainbesteko arrakasta izan ohi duen Antzerki Zikloa hasiko da astelehenean. Carrera de obstaculos izeneko antzezlana izango da ikusgai lehenengo egunean. Komedia honek, eguneroko zailtasunei aurre egiten dieten lau emakumeren istorioak jasotzen ditu. Katarsi bat da. Aukera bat gure arazoez barre egiteko; barre egiteak bizitza luzatzeaz gain, zama arintzen ere laguntzen baitu. Emanaldia gazteleraz izango da. Aktore lanetan, Hernanin bizi den Vito Rogado aktorea ariko da Diana Peñalver aktorearekin. Gidoilaria eta zuzendaria Teresa Calo da. Konpainia, berriz: Gesteatral. Asteartean, Etzi antzerkia emango dute eta asteazkenean, Xentimorik gabe. Hiru antzezlanak 20:00etan izango dira, Biterin. Sarrerak salgai daude 5,10 euroan, Biterin bertan.
‘Etzi’, Down sindromea
dutenen bizimodua
ezagutzeko
Umorea, intriga eta drama uztartzen du Etzi antzezlanak. Horrez gain, Down sindromea duten pertsonengana eta beraien familiengana hurbiltzeko eta euren bizimodua ezagutzeko baliagarria da. Joxe Ramon Soroiz, Pilar Rodriguez, Asier Oruesagasti eta Gorka Zufiaurre ariko dira aktore lanetan.
Hernaniko Atzegi-Aurrera taldetik dei egiten diete herritarrei antzerkia ikustera joateko.
‘Xentimorik gabe’:
bi musikari eta
kontalariren istorioak
Badira bi hamarkada gutxi gorabehera elkartu zirela estreinako aldiz Ray eta Nick izeneko musikari eta kontalariak (Ramon Agirre eta Inaxio Tolosa). Ez dago kontinenterik, ez hiri haundi edo herrixkarik Rayen eta Nicken arteaz gozatu ez duenik. Aurten, ordea, herrimina sentitu dute eta Hernanin izango dira 20 urteko mundu bira musikalaren berri emateko irrikitan.