Musikarien egun haundia, hau da, Santa Zezilia Eguna asteartean izango da eta egunari aurrea hartuta, Hernaniko musikariak hasiak dira herria girotzen. Atzo, rock kontzertua eskaini zuen Musika Bandak, 150garren urteurrenaren harira eta bihar, bi kontzertu izango dira, Hernaniko Musika Eskolaren eskutik. Lehenengoa, akordeoi ikasleek eskainiko dute, 12:00etan, Milagrosa kaperan. Bigarrena, eskolako txistulariek eta Hernasax saxofoi taldeak eskainiko duten kontzertu berezia izango da, 12:30etan, Udaletxeko arkupetan
‘Veneziar kontzertua’,
bi taldeek elkarrekin
Bigarren kontzertu horretan, talde bakoitzak bina obra eskainiko ditu lehenik, eta jarraian, elkarrekin beste bi joko dituzte. Horien artean, Luis Aranbururen Veneziar Kontzertua aipatzekoa da. Jon Ansorena txistuarekin eta Roberto eta Itsaso Pacheco saxofoiarekin bakarlari lanetan ariko dira.
Bestalde, kontzertu hori Gasteizen eskainiko dute asteazkenean, bertako kontserbatorioko saxofoi taldearekin.
Musika emanaldi ugari,
Santa Zezilia egunean
Asteartean, Santa Zezilia egunean, hiru emanaldi izango dira. Alde batetik, Musika Eskola Publikoko ikasleek Musikalean izeneko emanaldia eskainiko dute, 18:00etan, Gudarien plazan.
Bestetik, Santa Zezilia Eguneko ikasleen kontzertua izango da Musika Eskolaren eskutik. Kontzertu hori Sandiusterrin izango da, arratsaldeko 19:00etan.
Horrez gain, Goiz Eguzki Abesbatzak ere ospatuko du musikarien eguna. Kontzertua eskainiko dute Goiz Eguzkiko aretoan, 19:00etan. Bertan, 10 abesti abestuko dituzte. Abesbatzako arduradunek dei egiten diete herritarrei ahalik eta jende gehien azaltzeko kontzertua entzutera.