Antzerki Zikloa astelehenean hasiko da. Ohi bezala, hiru antzerki ezberdinez gozatzeko aukera izango dute Hernaniko antzerkizaleek. Eta horien artean, Down sindromeari buruzko antzezlana izango da ikusgai: Etzi. Asteartean izango da hori. Antzezlan guztiak bezala, 20:00etan izango da Biterin. Umorea, intriga eta drama uztartzen ditu Etzi antzezlanak. Bruno (Gorka Zufiaurre) Down sindromea duen gazte baten eta bere familiaren bizimodua kontatzen da. Atzegi-Aurrerak dei egiten die herritarrei antzerkia ikustera joateko, «adimen urritasuna duten pertsonak eta euren familien bizimodua ulertzen laguntzen duelako». Ikastetxeetako arduradunei ere dei berezia egiten diete, «gaia landu nahi izanez gero, interesgarria delako».
Vito Rogadorekin, ‘Carrera de obstaculos’, hasteko
Antzerki Zikloa astelehenean hasiko da, Carrera de obstaculos antzezlanarekin. Bertan, Hernanin bizi den Vito Rogado aktoreak eta Diana Peñalver aktoreak, eguneroko zailtasunei aurre egiten dieten lau emakumeren istorioak kontatuko dituzte.
Bi musikariren istorioak, asteazkenean
Bi musikarik munduan zehar bizitutako istorioak kontatuko dituzte Ramon Agirre eta Inaxio Tolosa aktoreek, Xentimorik gabe antzezlanarekin. Asteazkenean izango da ikusgai. Sarrerak salgai daude 5,10 euroan, Biterin.
Azaroak 21, astelehena
‘Carrera de obstaculos’
Konpainia: Gesteatral
Aktoreak: Vito Rogado, Diana Peñalver
Gidoia eta zuzendaria: Teresa Calo
Hizkuntza: Gazteleraz
Eguneroko zailtasunei aurre egiten dieten lau emakumeren istorioak jasotzen ditu komedia honek. Katarsi bat da. Aukera bat gure arazoez barre egiteko; barre egiteak bizitza luzatzeaz gain, zama arintzen ere laguntzen baitu.
Azaroak 22, asteartea
‘Etzi’
Konpainia: Dar Dar Produkzioak
Aktoreak: Joxe Ramon Soroiz, Pilar Rodriguez, Gorka Zufiaurre eta Asier Oruesagasti
Zuzendaria: Asier Zinkunegi
Umorea, intriga eta drama uztartzen du Etzi antzezlanak. Horrez gain, Down sindromea duten pertsonengana eta beraien familiengana hurbiltzen lagunduko du. Joxe Ramon Soroiz eta Pilar Rodriguez aktore ezagunek aiton-amonena egiten dute. Mattin (Asier Oruesagasti) eta Bruno (Gorka Zufiaurre) bilobekin hamaika pasadizo bizi dituzte eta antzezlanean zehar atzera begiratuko dute elkarrekin. Haien eguneroko bizitzari buruzko tragikomedia da, bizitza den tragediatik sortutako komedia, alegia.
Azaroak 23, asteazkena
‘Xentimorik gabe’
Konpainia: Bederen bat
Aktoreak: Ramon Agirre eta Inaxio Tolosa.
Badira bi hamarkada gutxi gorabehera elkartu zirela estreinako aldiz Ray eta Nick izeneko musikari eta kontalariak. Garai horietan, binaka ibiltzen ziren artistak, guardia zibilen antzera: Simon & Garfunkel, Al Bano eta Romina Power, El Dúo Dinámico, Pantxoa eta Peio... Haiek ere bikote jaio ziren eta amaigabeko birari ekin zioten munduan zehar. Frantzia, Amerika, Grezia, Errusia, Kamerun, Argentina, Mongolia... Ez dago kontinenterik, ez hiri edo herrixkarik Rayen eta Nicken arteaz gozatu ez duenik. Aurten, baina, herrimina sentitu dute. Gure artean daude, beraz, 20 urteko mundu bira musikalaren berri emateko irrikitan