PRESO eta iheslarien egoera aldatze bidean jartzeko asmoarekin, herritar talde batek Herri Batzarra deitu zuen ostiralean Udalean. Denen ekarpenak entzun eta lanean hasteko pausuak ematea zen Batzarraren helburuetako bat, eta herritarrek ezin hobeto erantzun zuten, 250 pertsonatik gora elkartu baitziren: «balorazioa oso ona da, Batzarra jendetsua izan zen eta Udaleko aretoa txiki geratu zen».
Datozen hiru hitzorduak, Biterin
Batzarrak hiru atal izan zituen: iragana, gaur egungo egoera, eta hemendik aurrerakoa, Egin dezagun bidea izena hartu duena. Proposamen eta ideia asko bildu zituzten, eta horiek lantzeko asmoarekin hiru fetxa jarri dituzte, Biterin: azaroaren 21, astelehena, 19:00etan; azaroaren 25a, ostirala, 19:00etan; eta azaroaren 26a larunbata, goizeko 10:00etan.
Batzarrak eta lan-guneak irekiak dira, eta edozeinek har dezake parte edo proposamen berriak egin. Antolatzaileek herritar guztiei egin diete parte hartzeko gonbidapena.