Marruekosen, pintatzeko teknikak erakusten

Kronika - Erredakzioa 2011ko aza. 13a, 01:00

Victor Goikoetxea muralista hernaniarra, Marruekosen izan berri da ikastaro bat ematen. Valle de Dadesen, hain zuzen. Dades Marruekos hegoaldean dago, desertutik gertu, Ma­rra­kechetik 5 bat ordutara. Goi­koe­txeak urtero ematen du ikas­taroren bat, Euskal Herritik kanpo, iaz ezin izan bazuen ere, Santurtziko murala egiten aritu baitzen. Eta aurten Marrue­ko­sen izan du aukera. «Bertan, nere bi lagunek Kasbah bat dute (gaztelu antzekoa), hezi­tzaile fran­tsesak dira, zenbait tailer antolatu izan dituzte bertan, eta aukera sortu zen», azaldu dio Kronikari. Hala, internet bidez ikastaroaren berri eman eta 12 ikaslek hartu dute parte. Espainia, Brasil, Frantzia eta Greziakoak izan dira ikasleak.

Ikastaro intentsoa
Pintura muralari buruzko ikas­taroa eman die Goikoe­txeak, bere teknikak irakatsi dizkie eta oso gustora geratu da ikastaroarekin. «5 astetako ikastaro intentsoa izan da, ikasle bakoi­tzak 5 obra egin ditu, bakoitzak etxera eraman dituenak. Bron­tzezko eskultura bat ere egin dugu eta denen artean mural bat 5 metro zabal eta 3 metro luze dena. Ho­telean bertan utzi dugu, opari gisara», dio. Esperientzia oso interesgarria izan dela nabarmendu du Goikoetxeak, tailerraz gain, as­te­buruetan irteerak eta ekin­tzak antolatu dizkietelako eta in­gurua gertutik ezagutzeko aukera izan dutelako. Goikoe­txea aurretik ere egona da hainbatetan, Marruekosen. Motxile­ro moduan, lehenengo aldian. 

Buelta, bizikletan
Goikoetxeak Kronikari azaldu dionez, bizikletan bidaiatzea asko gustatzen zaio. Ia mundu erdia egina du. Eta Marrue­kosetik buelta bizikletaz egin zuen: 2.165km 19 egunetan. Astelehenean itzuli zen Her­nanira, egunero 6 bat orduz ibili ostean. Bere ikasle batekin abiatu zen, toledoarra berau, baina hirugarren egunean utzi egin behar izan zuen tendinitis baten eraginez. Bidaia haundi bat egiteko prestaketa moduan egin duela dio Goikoetxeak. «Etiopia bizikletaz egin nahiko nuke hurrengo bidaian. In­gu­rua ezagutu eta Olaranengana joa­teko ere aprobetxatuko nu­ke», aurreratu dio Kro­nika­ri. Goikoetxeak jendea animatzen du bizikletan bidaiatzera.

Eskuartean, hainbat proiektu
Goikoetxeari eskuartean ditu­en proiektuez galdetuta, hainbaten berri eman dio Kroni­kari. Besteak beste, Donostiako Caravanserai jatetxea itxura aldatu behar dute orain. «Ma­rruekoseko tailerrean egon den ikasleetako bat da bertako jabea eta jatetxeari ukitu desberdina eman nahi ziola aipatu zidan eta horretan hasiko gara. Nere beste lau ikaslek ere parte hartuko dute». Horrez gain, Aquariumeko ate batzuk bukatzeko dauzka eta Bartzelonan Gran Vian beste lan bat aurkeztuko du urtarrilean.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!