Plaka bat jaso zenuen joan den astean Regulo Martinez entrenatzailearen eskutik. Zure kirol ibilbidea errekonozitu nahi izan zuen Gipuzkoako Atletismo Federazioak. Nola jaso duzu errekonozimendu hori?
Ez nuen espero. Engainatuta eraman ninduen entrenatzaileak. Afaltzera ea lagunduko nion esan zidan eta nik baietz erantzun nion. Nere ahizpa ere etorri zen. Gero bat batean, hasi zen esaten: `jubeniletan hasi zen Hernaniko Kirol Elkartean...´ nitaz ari zela konturatu nintzen eta oso oso urduri jarri nintzen. Sorpresa haundia izan zen. Pozik jaso dut saria, baina nerekin ibiltzen direnek esan didate errekonozimendu hori zaharrei egiten dietela... Baina bueno, ea beraiek iristen diren, ni iritsi naiz behintzat!
Besteak beste, 100km-ko Espainiako Txapelketan lehenengoa izan zara aurten beteranoetan.
100km-tako Espainiako Txapelketan, hiru urtetan, 2008, 2010 eta 2011, izan naiz lehenengoa beteranoetan eta bigarrena absolutuetan. 2009an lesionatuta egon nintzen. Hiru urtetan berdin geratu naiz eta gainera marka hobetzen joan naiz. Azken honetan 16 minutu hobetu dut. Urteekin hobetzen noa! 2010ean, baita ere, 24 orduak egin nituen Bartzelonan eta Espainiako errekor berria lortu nuen: 214km.
Emaitza horiekin, ze aukera duzu orain?
Apirilean 100km-ko mundiala jokatuko da Italian, baina emakumezkooi ez gaituzte eramango, ziurrenik. Esan digutenez, dirurik ez dago. Orain arte ez da emakumezkorik eraman, baina orain oso ondo gabiltza. Bi gabiltza: Cristina Gonzalez eta ni. 100km-tan bera moldatzen da hobeto, eta 24 ordukoan ni.
Beti ibili izan zara korrika?
Gaztetan ibiltzen nintzen eta gero, gutxi gorabehera, 32 urterekin hasi nintzen berriz erretzeari utzi nahi niolako. Alaba txikienak ere korritzen zuen eta berarekin eta Manu Irastorzarekin hasi nintzen karrera motzetan. Lehen 30 minutu korritzen nituen, Astigarragara joan eta etorri. Pixkanaka luzatzen joan naiz.
Ultrafondoan bukatzeraino.
Bai, gainera distantzia luzetan hobeto moldatzen naiz. 20km daramazkidanean hasten naiz hobetzen. Distantzia motzetarako belozidaderik ez dut.
Nolatan hasi zinen ultrafondoko lasterketetan parte hartzen?
Alabak umea izan behar zuenean, hau da, nere biloba jaiotzear zenean, promesa moduko bat egin nuen, dena ondo ateraz gero, esfortzu haundia eskatzen zidan lasterketa bat egingo nuela. Hori horrela, esan zidaten 100km-ko txapelketa jokatuko zela lehenengo aldiz. Abuztuan esan zidaten eta irailean zen karrera. Prestatzaile batengana jo nuen eta esan zidan ez nintzela 11 ordutan sartuko, hori izaten da muga. Eta 9:03ko denboran egin nuen! 24 orduko txapelketarena ahizpak esan zidan.
Argi dago gogorrak direla horrelako probak. Nondik sufritzen duzu gehien?
Gorputzak ondo erantzuten dit. Ez naiz ezertarako geratzen, pisa egiteko bakarrik. Abituailamendua ere korrika noala jaten dut. Nahiago izaten dut, geldituz gero, pott egingo nukeela uste dut. Tripetatik, berriz, larri ibiltzen naiz beti, beherakoa sartzen zait. Euskadiko ipurdirik ikusiena dela esango nuke!
Zein da sekretua halako karrerak egiteko?
Entrenamendua. Nik gainera oso gustora entrenatzen dut. Regulo Martinezekin ari naiz 2008tik eta oso gustora nago. Berarekin nagoenetik asko hobetu dut gainera. Ordura arte nere kasa aritzen nintzen eta bera eskaini zen ni entrenatzeko.
Postuari baino marka pertsonalari begiratzen omen diozu.
Bai. Irabaztea ez dago zure gain. Ona ez badoa, irabazteko aukera duzu. Marka hobetzea berriz, zurea da. Tituluak garrantzitsuak dira, baina denbora hobetzeak neri ilusio gehiago egiten dit.
Distantzia luzetan hobeto moldatzen zarela diozu, baina zein da gehien gustatzen zaizun karrera mota?
Maratoia. Emotiboenak iruditzen zaizkit. Maratoian jendeak ikaragarri sufritzen du. Askotan azken kilometroetan bakarrik geratzen zara eta neretzat oso emotiboa izaten da. Asko gustatzen zait, baina nik asko sufritzen dut. Entrenamenduetan ere bai, serieak azkarragoak dira…
Bihar Behobian parte hartzeko asmorik ba al duzu?
Ez. Bitan hartu dut parte, baina parte hartzea baino gehiago gustatzen zait ikustea. Eta igandean ere, entrenatu ondoren, ikustera joango naiz. 30km egingo ditut, Donostiako Maratoian parte hartuko baitut.
Hilaren 27an, Donostiako Maratoian izango zara orduan. Ze helburu duzu?
2:08 dut marka eta 2:06 jaisteko aukera dudala dio Regulok. Hala ere, neri ez zait gustatzen halako presioa izatea. Neri nere erritmora joatea gustatzen zait, gorputza nola dagoen ikusi, eta ateratzen dena. Eguraldiak ere eragina izango du. Haizeak asko eragiten dit; euriak berriz, ez.