Urte eta erdi pasa da Atez Ateko bilketa Hernanin martxan jarri zenetik, eta 18 hilabete horietan jasotako datuen berri emango du gaur, Luis Intxauspe alkateak Biterin, 19:00etan hasita. Hernanin Zero Zabor taldeak gonbidatuta egingo du datuen aurkezpena, eta hori bakarrik ez, baita ere azalduko du Garbigunea zertan den, eta etorkizunerako zein asmo eta helburu dituen Udalak.
Azalpenak gaika emango ditu: organikoa, ontzi
arinak, papera...
Hernaniko hondakin kudeaketa zertan hobetu den azalduko du Intxauspek. Hernanin Zero Zabor taldeak azaldu duenez, garbi dago sistema zaharrean birziklatzen zen %30 hartatik %80 birziklatzera pasa dela Atez Atekoarekin. Jakinarazi dute, gaur Alkateak emango dituen datuak zehatzagoak izango direla, gaika emanak: organikoa, ontzi arinak, papera, bidrioak, errefusa... Zenbat bildu den eta zein kalitatekoa izan den esplikatuko du Intxauspek.
Horrez gain, Alkateak adieraziko ditu Atez Atekoak diru aldetik herriarentzat izan duen eragina.
Ibarluzeko Garbigune berria, laister martxan
Ibarluze poligonoan Garbigune berria ari dira eraikitzen, eta egitura berria laister izango da martxan. Intxauspek azalduko du Garbiguneak nola funtzionatuko duen eta zertan hobetuko duen hondakin bilketa.
Hizketagai izango duen beste gaia auto-konpostarena izango da. Herritar asko dira egun konposta etxean egiten dutenak. Alkateak orain arteko datu horiek emango ditu eta laister familia gehiago animatzeko egingo den kanpainaren berri ere emango du. Kanpaina horren barruan, aukera izango da konposta familia taldeen artean egiteko, hau da, konpostaketa kolektiboa edo auzolanekoa egiteko.
Etorkizuneko helburua,
%80 hori pixkanaka
hobetzea
Bukatzeko, Intxauspek azalduko ditu Hernanik hondakinen gaian aurrera begira dituen planak. Ondorengo atalak nola mamituko dituzten esplikatuko du, besteak beste: hondakinen sorrera gutxitzea, birziklatzea gero eta hobeto egitea, eta orain gaika biltzen den %80 hori pixkanaka hobetzea.
Herritarrei, gonbidapena
Hernanin Zero Zabor taldeak herritar guztiak gonbidatu ditu aurkezpen honetara. Horiez gain, inguruko herrietan interesa dutenei ere luzatu die gonbidapena, informazio guztia jasotzeko aukera izango dute eta.