«Orain dela 5000 urteko altxorrek gaur egun baliorik izango al lukete?»

Kronika - Erredakzioa 2011ko aza. 10a, 01:00

«Komikia, Indiana Jonesen estiloko pelikula baten komedia da. Pelikula hauetan beti dabiltza aintzinako altxor edo arma boteretsuen bila... Baina nork dio duela 2000 edo 5000 urte balio haundia zuenak, gaur egun balio bera izango duenik? teknologiak eta zientziak aurrera egin du. Komikiak horren inguruan hitz egiten du»; hori da Alai Zubi­men­dik Deia-Hortzadar KMK lehiaketara aurkeztu zuen komiki irabazlearen gaia.

Komikia ikusgai Ortzadar gehigarrian, erakusketan eta Getxoko azokan

Asteartean jaso zuen saria Bil­­boko Rekalde auzoan Zu­bi­men­dik, ilusio haundiarekin eta urduritasun puntu batekin: «ekitaldia oso apala izan zen. Lehiaketako antolatzaileek eta Bizkaiko Foru Aldun­diko Josune Ariz­tondok hartu zuten hitza lehendabizi, eta ondoren irabazleak banaka aurkeztu gintuzten. Segidan, Rekalde aretoan bertan jarri duten  komiki finalisten erakusketa aurkeztu zuten. Ikusi nahi duenak urtarrilaren 8ra arte du aukera». Sari ekonomikoaz gain, Zubimendik irabazi zuen Getxoko azokarekin batera, komikien bilduma bat argitaratzea eta Harkaitz Cano eta Jorge Madejonek  eskainitako Master Class bat.
Beraz, Zubimendiren lau orriko komikia irakurri nahi duenak hiru modu ditu: asteburuan Deiak kaleratu zuen Ortzadar gehigarria eskura­tzea; Bilboko Rekalde aretoan jarri duten erakusketara gerturatzea, edota azaro bukaeran egingo den Getxoko komiki azokara joatea.

«Pelikularen bat ikusten edo liburu bat irakurtzen, sortzen zaizkit ideiak»
Komiki berri bat zerotik hastea ez da lan erraza, eta Alai Zubimendik bere teknika propioak ditu lanak lantzeko garaian. Kronikari azaldu dionez, ideia ugari pelikulak ikustean edo liburuak irakurtzean sortzen zaizkio: «hauen inguruko istorio ezberdinak edo bukaera alternatiboak okurri­tzen zaizkit; parodiak azken finean. Gehienetan, burura­tzen zaizkidan istorio horiek idatzi egiten ditut. Orain arte horiekin ezer egin gabea nin­tzen, eta komiki lehiaketa hau aukera ona iruditu zitzaidan lan amaitu bat burutzeko».

«10 urte ziren komiki
lehiaketa batean parte
hartzen ez nuela»

Hamar urte pasa dira Zubimendi azkenekoz  komiki lehiaketa batera aurkeztu zenetik. Aurten ordea, ez du lan aldetik zorte askorik izan, eta lehiaketekin saiatzea erabaki du: «bi lehiaketetan hartu dut parte, eta tira, bigarrengoan zortea izan dut. Sari honek animatu egin nau lehiaketa gehiagotan parte hartzera».
Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!