Eziago poligonoa kaltetuena, aspaldiko triskantza haundieneko uholdeetan

Kronika - Erredakzioa 2011ko aza. 8a, 01:00

Portun, Karabelen eta Floridan, 40 etxebizitza ingurutara sartu zen ura. Hernaniko poligono guztietan urak kalteak eragin ditu, eta egoera txarrena Eziagon dago. Informazio telefonoak: 943 33 70 10-11

ARGAZKIAK IKUSI (astelehena, azaroak 7)

ARGAZKIAK IKUSI (igandea, azaroak 6)

«Poligonoetan sekulako kalteak eragin ditu; batez ere, Eziagon. Ibaiondon, eta beste industriaguneetan kezkagarria da egoera, baina oraindik kalteak kontabilizatzeko dau­de», adierazi zuen atzo, Luis Intxauspe Al­kateak, urak eragindako kalteak zenbatekoak izan ziren adierazteko. Hon­da­mendi egoera izendatzea ez omen da posible gaur egun, baina diru-laguntzak ematen omen dira, eta hori aztertzen ari dira Udala, Diputazioa, eta Jaurlaritza.
Hernanin bulego bat jarri dute, informaziorako, eta bertara jotzeko eskatu die Udalak kaltetuei: Hernaniko Alka­te­tzan atendituko da jendea, eta baita telefonoz ere: 943337010 edo 943337011.

Horrez gain, Donostian ere beste informazio bulego bat jarriko dute, enpresentzat eta Udalentzat.

Kirol instalazioetan eta enpresetan, sekulako kalteak
Luis Intxauspek adierazi duenez, bereziki kezkatzekoa da Hernaniko zenbait industriaguneetan urak eragindako kal­tea. «Eziago oso gaizki da­go; kalterik haundienak han eragin ditu. En­presa txikiak dira Ezia­go­koak, eta ia denek jasan di­tuzte kalteak. Beste poligonoetan egoera ez da askoz ho­bea. Kirol instalazioak, Zu­bipe eta Landare, penagarri geratu dira; Zubi­pen, seguru asko, belarra erabat aldatu beharko da». Horrez gain, Hernaniko ba­ratze-lurretan ere ezin konta ahala kalte eragin ditu igandeko uholdeak.

«Bizilagunen etxean lo egin dugu bart»
Uhol­deek biharamun go­go­rra utzi dute Hernanin, Gi­puzkoako beste hainbat lekutan bezala, eta atzo, nabarmena zen hori, Karabel, Portu eta Floridako 40 bat etxebizitzetan. Zenbait bizilagun larri ibili ziren, urak etxera sartzen hasi zirenean. «Kolpe­ra egin du urak gora. Ikusten genuen bazetorrela, baina azken kolpea oso azkar egin zuen; eta gu, gauzak ateratzeko denborarik gabe. Lehen ere sartu izan dira urak Kara­belgo etxeetan; horrenbesteraino, ordea, 1973an; geroztik ez», dio Karabelgo bizilagun ba­tek. Bizilagunek ez dute etxean lo egiterik izango pixka ba­tean. Udalak adierazi du, inork lotarako lekurik behar badu, eskatzeko Udalean, eta jarriko zaiola. Atzo as­kok bizilagunen edo familiako nor­baiten etxean lo egin zu­ten.

Ereñotzun bidea moztuta, hiru puntutan

Latxen eta Ubarreton bi lur jausi haundi eragin ditu urak, eta Fagollagan ere urak atera ziren. Ondorioz, Goizueta­ra­ko bidea itxita egon zen, hiru puntutan. Atzo goizean oraindik garbiketa lanetan ari ziren. Horrez gain, Elorrabin, zubia eraman zuen urak igandean, eta beste zubi batzuetan enbor asko pilatu ziren: Kara­belgo zubi txikitik hiru ka­mioika egur atera zituzten goizean, eta Abillasko zubian enborrak pilatuta ikusi zitezkeen eguerdi partera arte.

308 litro 56 ordutan, metro karratuan
Historiako eurite haundienen artean dago asteburukoa, Rodolfo Ares Barne Sail­bu­ruak atzo adierazi zuenez. Añarbeko datuek diotenez, 308 litro bota zituen metro karratuan, eta 56 ordutan.

Horrez gain, 10 miloi metro kubiko ur hartu zituen Añarbek, eta ateak erabat itxi zituen uholdearen momentu gogorrenetan. Horiek Uru­meara bota izan balitu, %75 ur-gehiago joango omen zi­ren ibaira, segunduko 187 me­tro kubiko sartu baitziren ur­tegian, momentu batzuetan. Atertu zuenetik, Añarbe ura askatzen ari da, eta hala jarraituko du, urtegia hustu dadin, berriz egoera larritzen bada ere. Oraingoz, eguraldi parteak dioenez, euririk ez du egingo gaur, eta pixka baterako lasaitasuna izango da.

ARGAZKIAK IKUSI (astelehena, azaroak 7)

ARGAZKIAK IKUSI (igandea, azaroak 6)


Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!