Ostiral ilunabarretik euri etengabe ari du eta ondorioz, Urumeak gainezka egin du. Goizeko lehenengo orduetan Landare errugbi zelaia, Zubipe futbol zelaia eta Karabel eta Portu arteko hainbat lur eta baratza urak guztiz hartuta zeuden. Orduak aurrera doaz eta euriak ez du gelditzeko itxurarik. Luix Intxauspe alkateak, Kronikari jakinarazi dionez, eguerdian, 12:30etatik aurrera, egoerak okerrera egin dezakeela uste dute, marea igotzen ari baita (itsasgora 13:45). Karabelen uholde arriskua egon daitekeela eta, kotxeak aterarazten ari dira. Bestalde, alkateak jakinarazi du Fagollagan ura errepideraino atera dela eta Hernani-Goizuetako errepidea itxita dagoela. Horrez gain, zenbait lekutan, putzuak daude eta leku horiek seinalizatzen ari dira. Udala harremanetan dago eta koordinazio lanetan ari da Euskalmet eta Sos Deiakekin, besteak beste.
Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!