Irati Sarasua
Historia berezia du elkartearen sorrerak...
Mendizale elkarteen sorrerak ez ziren nolanahikoak izan ez. Elkarte baimena emateko hasiera haietan elkarteko norbaitek 3.000 metroko mendi bat igo behar izaten zuen, mendizale federazioan gehitu ahal izateko. Hernanin Emeri-k egin zuen lan hori, Pirineotara joan zen eskatzen zuten mailako mendia igotzera, eta horrela elkartea sortzeko baimena lortu zuen duela 65 urte.
Lan hori omentzearren, duela urte batzuk, Emeri-k garai hartan igotako mendia, haurrekin igotzea erabaki genuen eta Pantikosara joan ginen horretarako. Ospakizun polita izan zen.
Nola izan ziren hasiera haiek?
Mendiriz Mendi garai batean Club Deportivo Hernaniko talde bat zen. Elkartea urte askotan miseria hutsean ibili zen; Oroitzen dut garai haietan, 1976. urte inguruan, Arantza Karrera zela taldeko lehendakaria eta bere etxeko apal batean biltzen ziren Mendiriz Mendiko paper guztiak. Oso talde txikia eta eboluzionatu gabea zela esan daiteke.
Ondoren trantsizio garaia heldu zen eta garai hartan Biteri Kultur Etxea kultura arloko ekimenetarako bideratu zen eta elkarteari ere lokal bat eman zioten garai hartan. Hortik aurrera elkartea eta ekintzak ongi antolatzeari ekin genion, behin lokala izanda gauzak antolatzea askoz ere errazagoa izan zen.
Lehenengo ekintzetan nork hartu zuen parte?
Hasiera haietan haurrei eta harrobia sortzeari eman genion garrantzia. Kasu honetan, ez zen asko landu beharreko zerbait, Hernanin mendiarekiko grina aspalditik sortuta zegoelako, baina horretan hasi ginen. Bi astean behin, Mendiriz Mendiko bi lagun, 12-14 urte inguruko zenbat haurrekin bildu eta irteera egitera joaten ginen inguruko mendietara. Irteerak oso informalak izaten ziren, egun pasa joaten ginen Plaza Berri inguruan ibiltzen ziren 10-12 gaztetxorekin. Gerora gaztetxo horiek gurekin mendira joaten jarraitu dute, harremana mantendu dela esan genezake.
Horretaz gain, elkartean beste motatako lanak egiten hasi ginen, aldizkari bat sartu genuen beste zenbait ekintzaren artean, eta azken finean sendotzeko prozesua hasi zen.
Urteak aurrera joan ahala nola garatu dira ekintzak?
Herriko ikastolekin harremana izateari ekin genion duela urte batzuk, eta horien bitartez lotzen ditugu irteerak. Urte hasieran erabakitzen dira data eta lekuak, eta, maiztasun bat mantentzen dugu. Gaur egun bidaia politak antolatzen dira eta egia esan haur dexente joaten dira horietara.
50. urteurrena oso berezia
izan zen...
Bai, zerbait berezia egin nahi izan genuen eta 50. urteurrena ospatzearren, egun berean mendizale elkarteko kide guztien artean 50 mendi igotzeko erronka lortu genuen. Eguerdiko 12:00etan denek mendi tontorretan egon behar genuen, eta hala egin genuen.
Pirineoetako mendiak igo behar izan zituztenek zailtasunak izan zituzten eguraldi kontuengatik. Tontorretara heltzen ginen unean Hernaniko lagunei abisua pasatzen genien eta hauek herrian jarri zuten kartel batean markatzen zuten lortu genuela. Xarma handiko eguna izan zen, herrian ere giro ederra sortu zen!