«Inoiz baino hobeto iritsi naiz Munduko Txapelketara»

Kronika - Erredakzioa 2011ko aza. 5a, 01:00

Mikel Aginagalde


Europako Lehiaketan hirugarren postuan iritsi zinen helmugara. Zein da oraingoan zure helburu nagusia Munduko Txapelketan?

Egia esan, parte hartuko duten lehiakideen maila izugarria kontuan izanda, ezinbestekoa lan txukuna egitea, goiko postuetan sailkatzeko. Uste dut, aurreneko bosten artean iristea lorpen haundia izango litzatekeela. Hala ere, nire helburu nagusia, gutxienez lehenengo hamarren artean bukatzea da. Euro­pako Txapelketan hirugarren postuan sailkatu nin­tzen, baina irabazteko aukera ere izan nuen, zortea la­gundu izan balit. Orain­goan, munduko onenekin arituko naiz, eta zailtasuna ere handiagoa izango da.


Irabazteko aukerarik ikusten al duzu?

Esan bezala, munduko 50 triatleta onenekin batera arituko naiz; horien artean, Michael Raelert alemaniarra, Stephane Poulat frantziarra eta Jordan Rapp estatubatuarra. Ondorioz, aurreko postuetan egotea ez da izango lan xamurra. Kasu hauetan onena da, errealista izatea, bakoitzaren mugak zein diren jakitea eta hortik aurrera ahalik eta lan serioena egitea. Oso garbi daukat munduko txapeldun izatea oso erronka zaila dela. Hala ere, ziur nago nire barnean daukadan guztia emango dudala.


Zein sasoi puntutan iritsi zara Las Vegasera?

Entrenamendu jakinik egin al duzu? Azkenaldian gogor entrena­tzen aritu naiz hiru diziplinetan eta, egia esan, fisikoari dagokionez, inoiz baino hobeto iritsiko naiz Mun­duko Txapelketara. Korrika lan saio bereziak egin ditut, ohikoak baino gogorragoak, eta hobeto nagoela nabari dut. Orain bi aste, berriz, Mallorcan izan nintzen txirrindulari profesionalekin, lau eguneko bizikleta proba bat egiten, eta benetan lagungarria izan zitzaidan. Azken aste honetan entrenamendu bolumena jaitsi dut txapelketara egoera onean iristeko.


Korrika asko hobetu duzu azkenaldian. Zein diziplina izango da gogorrena?

Igerian fin aritzen naiz beti, eta lehenengoen artean ateratzen naiz uretatik. Pultsa­zioak minutuko 160-170era igotzen dira lehenengo pro­ba horretan, eta ez dira asko jaisten bizikletan ari zaren bitartean. Ondorioz, giltza izaten da azken probara, hau da, korrika saiora, indartsu iristea. Azken hamar kilometroak benetan nekagarriak izaten dira, pilatutako esfor­tzua­gatik eta aurkariek asko estu­tzen dutelako. Beraz, bukaeran emaitza ona nahi izatera, garrantzitsua izango da azken zatian lan ona egitea.


Orain artean lehiaketa askotan parte hartu duzu. Munduko Txapelketa zure ibilbide profesionalaren gailurra al da?

Las Vegasekoa ez da nire lehen mundiala izango, eta ondorioz, badakit zeri egiten diodan aurre. Onartu behar dut, nire karrera profesionalean beste aurrepauso bat dela, baina nire benetako ametsa Hawaiko Iro­n­mana egitea da. Ospe handia duen proba da eta edozein triatletari egitea gustatuko litzaiokeena. Ohikoa baino distantzia luzeagoa da (3,800m igeri, 180km bizikletan eta 42km korrika), eta horrek egiten du ospetsu. Bertan parte har­tzeko, urtean zehar egiten diren hainbat probatan lorturiko puntuazioa hartzen da kontuan, eta puntuazio altuena duten lehen 50 kirolariek lortzen dute Hawain lehiatzea. Nire asmoa, bertara 2013an joatea da. Or­duan esango dut, bete dela nire ame­tsa. 

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!