Atzo goizean goizetik Landare errugbi zelaia, Zubipe futbol zelaia eta Karabeletik Portu alderako lur eta baratzak urak hartuta ikusi zitezkeen. Hernanitik Goizuetara doan bidea ere moztuta geratu zen, Fagollagan ura errepideraino atera baitzen. Orduak aurrera joan, eta euriak ez zuen atsedenik hartzen eta begi guztiak Karabelen jarriak zituen Udalak, Sos Deiakekin, eguerdi partean baitzen itsasgora (13:45) eta Karabel auzoan uholde arriskua egon zitekeela aurreikusten zuten. Bertako kotxeak aterarazten aritu ziren, megafonia eta guzti. Azkenean, aurreikusi bezala, Karabel osoa hartu zuen urak eta baita Portu auzoa ere.
Elorrabiko zubia eraman
zuen urak
Osiñagan ere sekulako triskantza eragin zuen Urumeak. Elorrabiko zubia eraman zuen eta Altzueta, Iparragirre eta Elorrabi sagardotegietara sartu zen ura, besteak beste. Floridan, Papelera del Norte parean ere errepidea itxita geratu zen.
Industriguneei dagokienean, Ibaiondo, Lastaola eta Ibarluze urak hartu zituen. Enpresetan kalterik izan den jakiteko aukerarik ez zuen izan atzo oraindik, Udalak. Horrez gain, Hernani erdia argirik gabe egon zen, eguerditik aurrera. Arratsalderako, etxe gehienetara itzuli zen.
Astigarragan ere, eta batez ere, Ergobin, eguerdirako urak hartu zituen baztarrak. Hernanitik Ergobiko zubira bakarrik joateko aukera izan zen.
Luis Intxauspe alkateak, balorazioaren berri galdetuta, 1982ko uholdea izan zuen gogoan. Oraingoan, urte hartan baino eremu gehiago hartu dituela urak azaldu zuen. Udazkena izateak ere eragina izan duela azpimarratu zuen, hostoen eraginez, auzo askotan putzuak sortu baitziren; Floridan, esaterako. Dena dela balorazioa egiteko kalteak ondo aztertu behar direla gaineratu zuen.
Karabelgo zubian,
enborrak kentzen
Eguerdi arratsalde partetik aurrera, Karabelgo zubiak gutxi behar zuen urak gainetik pasatzeko eta Elorrabiko zubiarekin gertatutakoa kontuan izanda, Diputazioak bariantearen bikoizketa lanak direla eta, bertan hainbat grua ditu eta horietako bat eskatu zion Udalak. Arratsaldeko lehenengo ordutik, enborrak eta egon zitezkeen oztopo guztiak kentzen aritu ziren, etengabe. Kronikako erredakzioa ixterako garaian, oraindik bertan jarraitzen zuten.
Arkema, arriskurik gabe
Arkema enpresa, arriskudun enpresetako bat da, eta Luis Intxauspe alkateak azpimarratu duenez, produkzioa bertan behera utzi dute, badaezpadako neurri guztiak hartu dira eta ez dago inongo arriskurik.
Etxeetatik ateratako familiak, Kiroldegian
Karabelgo zenbait familia etxetik atera behar izan zituen Udalak, baita Portu eta Floridan ere. Famili horientzat, Kiroldegia egokitu zuen Udalak bertan gaua pasa zezaten. Adinekoentzat behar izanez gero ere, Ongintzan prestatu zuten lekua.
Añarbeko urtegia,
urari eusten
Añarbeko urtegiak jakinarazi zuenez, 5.874.769 m3 ur hartu zituen 08:00etatik 15:00ak bitarte eta ur horiek Urumeara iristea saihestu zuen. Gaineratu zuenez, Añarbek ez du urik askatu egun hauetan eta ez du askatuko ahal duen bitartean. Urtegia betetzear dago, baina ahal den guztia egingo dela azpimarratu dute, Urumeatik dijoan emaria ez gehitzeko.
Hondakin bilketan, eragina
Uholdeak hondakin bilketan ere eragina izan du eta alkateak jakinarazi du ahal den neurrian egingo dela Atez Ateko bilketa.
Atzo, Kronika ixterakoan, ateri zegoen, hala eusten zion 20:00ak ingurutik, eta Udala itsasgorak (22:00) eragin zezakeenari begira zegoen, besteak beste. Arriskulekuetan, Udaltzainak jarri zituzten urak gora eginez gero, eta behar izanez gero, jendea etxeetatik ateratzeko. Horrez gain, Udala elkarlanean ari da atzotik, Sos Deiak, Barne Saila eta Diputazioarekin.
Udalak jakinarazi duenez, kexak bideratzeko bitartekoak nola jarri aztertzen ari da.