10 hernaniar omenduko dituzte gaur Kursaalean, integrazioa eta konbibentzia bultzatzeagatik

Kronika - Erredakzioa 2011ko aza. 5a, 01:00

Hemen jaiotako herritarren eta beste lurraldeetatik eto­rri­takoen artean, istorio ugari daude Gipuzkoan, babes eta elkartasunean oinarritzen di­re­nak. Baita Hernanin ere. Istorio horiek posible egin di­tuzten herritarrak omen­du­ko ditu gaur, 17:00etatik aurrera, SOS Arrazakeriak. Gipuzkoa Solidarioa. Bizilagunak ize­ne­ko ekitaldia Donostian izango da, Kursaalean. Halako omenaldia egiten dela, bigarren urtea da. Herna­niko AMHER-SOS Arrazake­ria taldeak azaldu duenez, «halako istorio eta harre­ma­nek merezi dute ezagutzera ematea, jendeak ikusi dezan, konbibentzia eta integrazioak aberatsago egiten gaituztela eta gizarte atseginagoa eta humanoagoa egiten dutela».

Lau istorio, 10 hernaniar
Omenduen artean, 10 herna­niar izango dira. Alde batetik, Lourdes Tranche eta Helen Edelokun (jatorriz, nigeriarra) omenduko dituzte. Tranche emagina (matrona) da La­sar­teko anbulatorioan eta Ede­lokun ezagutu zuen haurdun zegoela. Tranchek ingelesa irakasteko eskatu zion Ede­lokuni eta sekulako harre­mana lortu dute denborarekin. Bestetik, Zuriñe Alvarez, Oihana Leonet, Itxaso Etxabe, Nerea Sanchiz eta Julie Agui­rre (jatorriz, kolonbiarra) omen­duko dituzte, Aguirrek, Her­naniko kuadrilan lortu duen erabateko integrazioa dela eta. Azkenik, beste bi istorio daude, biak etxea eta familiari lotuta. Marisa Garciak, Tilk Gurung (jatorriz, Nepalgoa) ezagutu zuen SOS Arra­za­keriak antolatutako tailer ba­tzuetan eta Gurung etxean hartu zuen. Ordutik, ama-seme arteko harremana dute eta Garciak bi biloba ere baditu, egun. Maria Jesus Elo­segik, berriz, pertsona askori eman izan die babesa eta egun, Rachid-ekin (jatorriz, maro­koarra) du harremana.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!