Hernaniko 11-16 urte bitarteko gazteek ez dute aspertzeko aitzakiarik, Gazte Txokoak ekintza mordoa antolatu baititu hilabete honetarako ere. Aste honetan bertan, irteera bat antolatu du: minigolfera joango dira larunbatean. Joan nahi duten gazteek 2 euro ordaindu beharko dute.
Tailer ugari
«Eskulanak oso gustokoak izaten dituzte gazteek eta aukera anitza eskaintzen da interes ezberdinak uztartu nahian», diote Gazte Txokoko arduradunek. Eta hori horrela, tailer mordoa antolatu dute azaroan zehar. Datorrean astean esaterako, azaroaren 9 eta 10ean, joieroak egiteko aukera izango dute gazteek. Horiez gain izango dira: brotxeak egiteko tailerra (azaroak 16), pultserak egiteko tailerra (azaroak 17), kamisetak (azaroak 23 eta 24) eta erloju tailerra (azaroak 30).
Patinatzera
Hilaren 27an, beste irteera bat ere antolatu dute. Patinatzera joango dira, 5 euroren truke.
Bestalde, lokal barruan beste ekintza batzuk ere izango dira: play station, pelikulak, pin-pon eta futbolin lehiaketak.
Puskatutako gauzak
konpontzen
Hilabetea behar bezala betetzeko, brikolaje tailerra ere antolatu dute, eta gazteek bertako hezitzaileen laguntzarekin, Gazte Txokoan hondatuta dauden gauzak konponduko dituzte. Horrelako ekintzetan gazteen partehartzea oso baikorra izateaz gain, gazteek gustukoak izaten dituztela nabarmendu dute.
Horrez gain, Gazte Txokoko horma batean mural berri bat jartzeko asmotan dabiltzala jakinarazi dute eta mural diseinuen lehiaketa antolatu dute. Lehiaketa ondoren, murala margotzeari ekingo diote.