Santu Guztien Eguna da gaur, eta asko eta asko izango dira hildako senide eta lagunei lore eskaintza egitera joango direnak hilerrira. Loreak erosteko aukerarik ere ez da faltako gaurkoan, goizean goizetik. Herriko loradendak zabalik egongo dira eta Plazan lore-postuak izango dira. Eta motak ere ugari: krabelinak, arrosak, margaritak, astromeliak, gladioloak... Zentroak, sortak...
Lau meza gaur, eta bi bihar, Arimen Egunean
Hildakoen omenez, lau meza izango dira gaur. Agustindarretan 09:00etan izango da, Ereñotzuko San Antonio elizan 10:00etan, Floridako San Jose Langilea Parrokian 11:00etan eta San Joan Bataiatzailea Parrokian 12:00etan. Bihar, berriz, Arimen Egunean, bi meza izango dira: 09:00etan Agustindarretan, eta 19:00etan San Joan Bataiatzailean.